Jose Luis Romerok Espainiako errekor berri bi ezarri ditu atletismoan

Anboto 2016ko mar. 29a, 12:03

70 urte bete berritan, 400 eta 200 metroetako markak apurtu ditu adin tarte horretan.

Adinean aurrera egiteak konkistarako lurralde berrietarako atea irekitzen dio Jose Luis Romerori (Durangaldea Running). Veni, vidi, vici lokuzio latindarra ederki lotzen zaio Romeroren ibilbideari. Master mailetan gora egin ahala, ordura arteko Espainiako errekorrak haustera ohituta dago atleta durangarra. Otsailean 70 urte egin zituen eta oraintsu adin tarte horren barruan estreinatu da beteranoen Espainiako txapelketan, pista estalian. Hiru urrezko domina irabazteaz gainera, errekor bi ezarri ditu.

Malagako Antequera herrian jokatu zen txapelketa orain asteburu bi. Romerok parte hartu zuen hiru probetan urrezko dominak jantzi zituen: 400, 200 eta 60 metrotan. Gainera, lehenengo bietan ordura arteko markak apurtu zituen. 400 metrotan hiru segundotan hobetu zuen aurreko marka eta gaur egun bereak dira 400 metroeko Espainiako errekorrak 55 urtetik aurrerako Master maila denetan. 200 metrotan, berriz, Anton Bofillek orain 17 urte jarritako marka segundo eta erdi baino gehiagoan hobetu eta 28.27an ezarri zuen berria. Gaur egun, bereak dira 60 urtetik gorako marka denak distantzia horretan. Aste honetan zehar Italiako Ancona herrian jokatuko den Europako txapelketan parte hartuko du distantzia bi horietan.

Espainiako txapelketa berean Romeroren taldekide Julia Bea azpitxapeldun geratu zen 60 eta 200 metrotan —Master 76an— eta Maria Rosa Loitik 200 metroetako finala jokatu zuen Master 54an.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!