"Barrearen arteak, sudur gorri bat jartzeak, gizartea eraldatzeko balio dezake"

Anboto 2016ko mar. 25a, 11:36

Pailazoz bete da Aste Santuan Durango. Berba honek duen dimentsiorik handienean gainera. Izan ere, laugarren urtez, Topaklown jaialdia antolatu dute. Klownaren inguruan topagune bat eskaintzeko antolatu dute ekimena San Agustin kulturguneak eta bertako konpainia egoiliarra den Ganso & Cia taldeak. Eleazar Olmo Moya Alcala de Henaresetik Durangora etorri da ikastaroan parte hartzera.

Zelan ezagutu duzu Topaklown?
Orain urte batzuk klownari buruzko ikastaroak egiten hasi nintzen. Lagun batek esan zidan Aste Santuan jaialdi hau antolatzen dutela Durangon, eta parte hartzea erabaki nuen.

Zer aurkitu duzu Topaklownen?
Lehenik eta behin, urte hauetan honek guztiak funtziona dezan lan handia egiten duen jendea aurkitu dut. Bestalde, beste ikastaro batzuetatik ezagutzen dudan jendearekin elkartzeko topagunea izan da. Eskertzekoa da honelako ekintza bat antolatzea, batez ere profesional oso onak datozelako. Urtero ikastaro eta ikasle kopuruak gora egiten du. Beraz, mundu hau gustuko dugunoi erraztasun handiak ematen dizkigute.

Esperientziak elkartrukatzeko aukera izan duzue.
Bai, beste pertsona batzuen esperientziekin konektatzeko aukera izan dugu. Klown mundua oso zabala da. Aurten, esate baterako, ospitalean jarduten duten klownak etorri dira. Orain dela gutxi, mahai ingurua izan dugu klown sozialari buruz. Izan ere, barrearen arteak, sudur gorri bat jartzeak, gizartea eraldatzeko balio dezake. Wendy Ramos Peruko pailazo batek bere herrialdeko esperientzia azaldu du. Auzo txiroenetara doazenean eta beraien lana egiten dutenean, zer edo zer mugitzen da. Sasoi honetan, eraldaketarako tresna izatea garrantzitsua da.

Hainbat parte-hartzaile polikiroldegian gelditu zarete lo egiten, ezta?
Antolakuntzak polikiroldegian lekua egin digunez, batzuk bertan gaude egunotan. Beste batzuk ostera, furgonetan edo etxeren baten lo egiten dute.

Topaklownen egitarau oparoa duzue.
Ikastaroez gainera, San Agustinen profesionalen espektakuluak antolatzen dira, baita kalean ere. Gaur arratsaldean [martxoaren 24an] Portugaleko klown profesional batek kale ikuskizuna eskaini du. Antzezlan horretan, ikastaroan parte hartzen duten ikasle batzuei ere lekua egin die. Horrek bizitasuna ematen du.

Klown munduak zergatik erakartzen zaitu?
Etxean beti esan didate pailazo bat naizela. Gero, denborak zure lekuan jartzen zaitu [barrezka]. Tolosan egin nuen nire lehenengo ikastaroa. Hortxe sortu zitzaidan barruan nuena adierazteko gogoa, ez bakarrik alde komikoa. Klowna ez da barre eragitea bakarrik. Norberaren buruaz barre egiten ikastea ere bada. Bestela, ez du funtzionatzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!