EH Bildu: "Irrigarri eta fariseoa da gobernu taldeak bere burua langileen eskubideen aldeko borrokan gidari legez azaltzea"

Anboto 2016ko mar. 21a, 15:13

Udal langile bati erreferentzia eginez EH Bilduk egindako adierazpenak "akusazio larriak" zirela iritzita, behargin horri babesa adierazteko, agerraldia egin zuen barikuan Durangoko Udaleko gobernu taldeak. Kritika horiei erantzun die gaur EH Bilduk: "Barkamenak eskatzen dizkiogu mindua izan den pertsonari, mozioa idazterako orduan gaiak beharrezko zuen zehaztasuna ez erabiltzeagatik. Gainera, egindako akatsaren berri eman zigutenean, aipatutako paragrafoa moziotik ezabatu genuen". Gobernu Taldeak emandako prentsaurrekoa "gobernu taldearen pasibitate, paralisi eta gobernu eza izkutatu asmoz egindako antzerki baldarra" dela gaineratu du EH Bilduk.

Joan zen astean gobernu taldeak emandago prentsaurrekoa "EH Bilduren aurkako erasoa" dela azaldu du koalizioak prentsa ohar bidez. 

Azaldu dutenez, "pasa den asteartean Durangoko Udaleko enpresa komitearen idatzi bat jaso genuen, errektifikazio bat eskatuz, Durangoko Udalean lanean ari den interbentorearen aurkako eraso gisa ulertzen zuten gauza bategatik". EH Bilduk dioenez, horren berri izan bezain laster, bilera bat eskatu zioten komite horri, "gauzak argitze aldera", eta Aste Santu ostean batzea proposatu zieten.

Gaineratu dutenez, "bilera horretan azaldu gura genuena osoko bilkuran, Alderdi Popularrarenak salbu, alderdi guztien aldeko bozkekin onartu zen mozioaren zentzua zen. Mozio horren bidez Herri Ardularitzaren Euskal Erakundeak (IVAP akronimoez ezaguna gazteleraz) interbentore eta diruzain postuetarako eratutako lan-poltsa erabiltzea eskatzen genuen". Gaur egun, Udalean funtzio horretan dagoen pertsonak postu horretarako beharrezko “trebakuntza eta formakuntza” ez dituela uste du EH Bilduk. "Postu horretarako beharrezko den estatu mailako habilitazioaren jabe ez dela esan nahi genuen". Pertsona horrek, bere lanpostuaren beharrizanak ahal izan duen hoberen betetzen saiatu” dela gehitu zuten mozioan. Koalizioak dioenez, “berak behin baino gehiagotan onartu izan duenez, oso zaila egiten zaio behar den bezala dagoen lan kargari heltzea”. Arrazoi hori argudiatu du EH Bilduk, HAEEk osatutako lan-poltsa erabiltzea eskatzeko.

Gaineratu dutenez, "onartu beharra daukagu estatu mailako habilitaziorik ez zuela esatea soilik egokiagoa izango zela, trebakuntza eta formazio ez bati buruz hitz egiten hastea baino. Komiteari eskatutako bileran hau argitzea zen gure asmoa. Egindako akatsaren jakitun, umiltasun osoz barkamenak eskatzen dizkiogu mindua izan den pertsonari, mozioa idazterako orduan gaiak beharrezko zuen zehaztasuna ez erabiltzeagatik. Gainera, egindako akatsaren berri eman zigutenean, aipatutako paragrafoa moziotik ezabatu genuen".

Gobernu Taldeak gai hau "EH Bildu erasotzeko" erabili duela dio koalizioak. "Gobernu Taldearen pasibitate, paralisi eta gobernu eza izkutatu asmoz egindako antzerki baldar gisa ulertzen dugu ekintza hau. Zer izkutatu asko baitaukate.  2016rako aurrekonturik ez du oraindik udalak, 2013tik ez da kontu orokorrik onartu (ezta aurkeztu ere), Etxebiden 800 pertsonek izena emanda duten bitartean 1550 etxebizitza huts daude Durangon, jabetza publikoko eraikin huts ugari daude herrian, batzuk egoera eskasean gainera,…".

EH Bilduk kritikatu duenez, "prentsaurrekoan udal langileen defentsan irten ziren Gobernu Taldeko
pertsona horiek eguneroko lanarekin usu erakusten dute langile hauekiko errespetu falta,
beraien erabakiak (hobe esanda, erabaki ezak) izkutatzeko langileak egoera konprometituetan  jarriz, edota langileen askatasun eta lan profesionala baldintzatu asmoz, lanpostu prekario eta behin-behinekoetan mantenduz. Langileen egoera txar hauek iraultzeko intentzioz aurkeztu genuen EH Bildutik mozioa". Gaineratu dutenez, "irrigarri eta fariseoa da Gobernu Taldeak bere burua langileen eskubideen aldeko borrokan gidari edo aitzindari legez azaltzea".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!