"Udal-langileen eginkizunekiko errespetua" eskatu diote EH Bilduri

Anboto 2016ko mar. 18a, 19:13

Udal langile bati erreferentzia eginez EH Bilduk, otsailean, bere webgunean, argitaratu zuen testu batean egindako "akusazio larrien aurrean, langileari babesa" adierazteko, agerraldia egin du, gaur, Durangoko Udaleko gobernu taldeak. "Udal-langileen eginkizunekiko errespetua" eskatu dute EAJ eta PSE-EEko ordezkariek. 

Kontu-hartzaile, diruzain eta idazkariorde lanpostuak hornitzeari buruz, udaletxean aurkeztu behar zuen mozio baten inguruko testuan, EH Bilduk kontu-hartzailearen "ahalmena eta prestakuntza" zalantzan jarri zituela kritikatu dute EAJk eta PSE-EEk: "Postu horretan dagoen pertsonaren profesionaltasuna zalantzan ipini zuten".

Durangoko Udaleko Zentroarteko Batzordeak, bertan ordezkaritza duten ELA, LAB eta ERNE sindikatuen aldeko botoekin, "Durangoko Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiei idatzi bat bidali" diela azaldu du gobernu taldeak. Besteak beste, "zinegotzi edo ordezkari politikoek euren adierazpenetan ez ditzatela langileak kaltetu" eskatzen da idatzi horretan.

"Foro desberdinetan barkamen testu bat argitaratu dezan exijitu" diote EAJ eta PSEren ordezkariek EH Bilduri, eta "hurrengo mahai politiko-sindikalean publiko egin" dezala.

Durangoko gobernu taldearen agerraldiaren audioa

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!