MugarraTTko Ariznabarreta eta Frades garaipen bikotzairen bila

Anboto 2016ko mar. 18a, 13:00

Bihar, Gorka Uribeetxeberriaren oroimenezkoa den duatloia jokatuko dute, Durangon. Mugarra Triatloi Taldea da antolatzailea, eta talde barruko duatleta bi dira maila absolutuan irabazteko faboritoetakoak: Gurutze Frades iurretarra emakumeetan eta Oier Ariznabarreta durangarra gizonetan: “Gaitza izango da, maila handia dagoelako, baina polita litzateke garaipen bikoitza lortzea”, onartu du MugarraTTko Serafin Bereziartua ‘Txela’-k.

Itxaropentsu egoteko arrazoiak dituzte. Distantzia laburreko duatloia da (10-35-5), eta Gurutze Fradesek Euskadiko txapelketa irabazi berri du neurri horretan. Oñatin jantzi zuen txapela, joan zen asteburuan. Bere ibilbideko hirugarrena du. Aurreko biak Durangon lortu zituen, 2012an eta 2013an. 

Oier Ariznabarretak lehenengo garaipena luke Durangon. Kros denboraldi bikaina osatuta, duatloietan ere indartsu dabil. Orain asteburu bi, Eibarko duatloia irabazi zuen. 

Guztira, 200 parte-hartzaile batuko dira. Emakumeen proba 15:30ean hasiko da, Ezkurdin, eta gizonena 15:40an. Lehenengo, Orozketara birritan egingo dute joan-etorria, korrika. Ondoren, bizikletan Elorrio, Miota, Garai eta Goiuritik itzulia egingo dute. Korrikako azken tartea Durango barruan da.

7-14 urte artekoentzako duatloiak ere antolatuko dituzte, 13:30etik aurrera, urtero legez. Izen-ematea Ezkurdin egin daiteke 09:00etan hasita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!