Gorka Urbizu: “10 urte igaro eta gero, publikoak harrera bikaina egin digu”

Anboto 2016ko mar. 17a, 16:00

Birako azken kontzertua emango du Peiremans+ taldeak, zapatuan, Plateruenean. Geldiune bat egingo dute Gorka Urbizuk (Lekunberri, 1977) eta bere taldekideek, Durangoko kontzertuaren ostean.

Plateruena aukeratu duzue azken kontzerturako. Durangon beti jo izan duzue gustura?
Bai. Oso gustura izan gara beti, Euskal Herriko aretorik kutunenetakoa baita. Bestalde, Durango beti izan da euskal kulturaren herri garrantzitsua. Tamainaren aldetik ere egokia ikusten genuen, zapatukoa izango baita Peiremans+ taldea zuzenean ikusteko azken aukera.

10 urteren ondoren, zerk piztu zizuen itzultzeko gogoa?
Twitter bitartez, jende askok gogorarazi zigun taldearen 10. urteurrena zela. Afari batean geundela, azaroan pare bat kontzertu ematea adostu genuen. Beroaldi bat izan zen. Hasieran pare bat kontzertu ematea espero genuen arren, azkenean, gehiago izan ziren, jendeak harrera itzela egin zigun eta. Zazpi kontzertu jo eta gero, errepertoriorako prestatu genituen bost abestiekin EP bat egitea bururatu zitzaigun. Eta honekin batera, azken hiru kontzertuekin gatoz. Hamar urteren ondoren, harrera paregabea izan dugu.

Realak fitxatu, eta lesio baten ondorioz futbola utzi behar izan zuen Peiremans jokalariak ematen dio izena taldeari. Zer dela eta keinu hori galtzaileei?
Galtzaileek beren xarma propioa daukate. Gizarte konpetitiboegi batean bizi gara, non jarduera guztietan lehen postua lortzea ezinbestekotzat jotzen dugun. Eskakizun handi honetan, denoi suertatu zaigu, noizbait, Peiremans galtzailea izatea. Era berean, '+' keinuaz positibotasuna adierazi nahi genion.

“Huts egin duzu inoiz? Lasai, ez dio axola. Saiatu berriro. Huts egin berriro”, zioen Samuel Beckett idazle irlandarrak. Gaur egungo musikagintzan arrakastaren behar hori nabaritzen duzue?
Ahalik eta musikarik onena egiten saiatu behar dugu. Egia da talde askok, presaren poderioz, berehalako ospea bilatzen dutela, eta horrek ez luke musika taldeen helburua izan behar. Musika egiteko elkartzen denak, jomuga hori baino ez badauka, huts egingo du seguruenik. Bidean zehar gozatzea izan beharko litzateke helburua, musikak bapateko plazerra ematen baitu.

Euskal Herriari dagokionez, beti egon izan da pop-a bigarren maila batean. Esan daiteke galtzaileen generoa dela?
Baztertuta egon da, doinu gogorragoak izan baitira nagusi. No time for love kantak dioen bezala, gure testuinguruan bizi izan dugun gatazka politikoarekin lekurik ez daukala ematen du. Gure ustez, pop-a gitarrarekin egindako melodia gogoangarri bat egitean datza, hiru minututan irribarrea sorraraziko dizun melodia popularra.

Egin duzuen azken EPa bost abestik osatzen dute. Nola lortzen da abestien arteko batasun musikala zuen ohiko generoa ez den batean?
Lehenengoaren antzeko diskoa da. Denbora kontuagatik, ezin izan dugu luzeagoa egin, beste zeregin batzuk baitaude gure taldeetan. Peiremans+ berriz martxan jarri, eta arrapaladan egindako EPa da Bigarren Saria. Kantak Imanolekin egiten ditut. Melodiarekiko zaletasun puntu bat dugu biok, eta letrek ere batasun bat ematen diote.

Betirako esango du agur Peiremansek asteburuan?
Asteburukoa diskoaren aurkezpena eta agurra izango da, aldi berean. Proiektu honekin oso ondo pasatu dugu, baina musika proiektu puntual bat da. Auskalo hemendik hamar urtera beste afari bat egiten dugun.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!