%17ko maldak Bugalloren oroimenezko lasterketan

Anboto 2016ko mar. 21a, 10:30
Iturria: Duranguesa Txirrindulari Taldea

Duranguesa Txirrindulari Taldeak  antolatutako afizionatu eta gazte mailako lasterketak Aitor Bugalloren oroimenezkoak izango dira.

Goizean, 09:30ean, afizionatu mailako lasterketa hasiko da, Euskaldun torneorako puntuagarria. Ezkurdiko irteeran Euskal Herriko zein Espainiako talde onenak izango dira; etxeko Eiser Inforlur taldeak ere parte hartuko du. Durangaldeko txirrindulariei dagokienez, Eiser Infolur taldeko Iñaki Arakistain, Jon Munitxa eta Aritz Oleaga eta Ampo taldeko Alex Unzueta eta Illart Zuazubiskarrek parte hartuko dute.

Ibilbideari dagokionez, klasika ukitua duen 130 kilometroko ibilbideari egin beharko diote aurre. Miotari bost itzuli eman beharko dizkiote eta itzuli guztietan Durangotik, Ezkurditik pasa eta Tabiratik -Eguzkitza auzunetik- Abadiñora joango dira. Ibilbidearen azken kilometroetan, Garaira igo beharko dute txirrindulariek. Lehen igoeran herritik bertatik pasako dira eta bigarrenean, Momoitiotik igoko dute. Azken igora honetan, %17ko aldapak izango dituzte.

Zuazubiskarren hitzetan: "ibilbidea polita da eta lasterketa erabakiko duena Momoitio izango da".  Unzuetak berriz, Garaiko lehen igoerak lasterketa "gogortuko" duela dio, eta Momoitio lehen igarotzen duenak lasterketa irabazteko aukera "asko" izango dituela adierazi du. Eiser Infolur taldeko, Aritz Oleagak berriz, etxeko lasterketako ibilbidea "gogorra" egingo den arren, "gogotsu" daudela adierazi du.

Euskal Herria Txapelketa

Arratsaldean berriz, gazte mailakoen lasterketa egongo da eta bertan etxeko Beste Alde La Tostadora taldeak parte hartuko du. 16:00etan hasiko den lasterketa, Euskal Herria Txapelketarako puntuagarria izango da eta Euskal Herriko eta Espainiako talde onenez gain, nazioarteko txirrindulari batzuk ere egongo dira.

Ibilbideari dagokionez, 80 kilometro egin beharko dituzte. Ibilbidea afizionatu mailakoen berdina izango da, baina, hasierako ibilbideari bost itzuli eman beharrean hiru itzuli eman beharko dizkiote.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!