Komikigintzaz jardungo dira Platerueneko Zilar Astean

Anboto 2016ko mar. 16a, 12:18

Durangaldeko komiki eta marrazkigileen elkargune izan zen, 90eko hamarkadan, Komiklub fanzinea.

Komikigintza ardatz hartuta antolatu dute, Platerueneko Zilar Astea, aurten. Unai Iturriagagaz, Udaberririk ankerrena bere komikiaren inguruko solasaldia egingo dute bihar, eta 90eko hamarkadako Komiklub fanzinaren inguruko erakusketa ipiniko dute, domekan, Platerueneko aste tematikoan.

Martxoaren 20an, domekan, Platerueneko eguerdiko jan-edanerako eskaintza osatuz, komikigintzari buruzko azoka eta erakusketa antolatu dituzte. 1994tik 2001era arte Durangon kaleratu zuten Komiklub fanzinaren ingurukoa izango da erakusketa: fanzinaren aleak, marrazkiak, irakurleek bidaltzen zizkieten gutunak, publizitate moduluak... izango dira ikusgai.

Durangaldeko komiki eta marrazkigileen elkargune izan zen Komiklub fanzinea. Besteak beste, Jon Roman, Alex Olabarri, Rober Garay, Ismael Iglesias, Xabier Etxeita, Anartz Aranguena edo Ander Lauzirika izan ziren proiektuaren bultzatzaile eta kolaboratzaileak. Komiklub fanzinaren ale bi kaleratzen zituzten urtean, eta gaztelaniaz zein euskaraz idatziriko umore beltz eta kritika zorrotzeko binetak izaten ziren.

Aste honetan zehar, bestalde, komikigintzari buruzko saioak eskaintzen dihardu Eñaut Aiartzaguena marrazkilari iurretarrak, Durangoko eta Iurretako ikastetxeetan.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!