Egun bat gehiago, aurten, Topaklown gozatzeko

Anboto 2016ko mar. 11a, 13:05

Arantza Arrazola San Agustin kulturguneko arduradunak, Mari Jose Balier zinegotziak, eta Gorka Ganso topaketaren antolatzaileak aurkeztu dute Topaklown jaialdiaren laugarren edizioa, gaur. Martxoaren 23tik 27ra burutuko dute aurten —azken edizioetan baino egun bat gehiagoz—, eta 10 ikastaro eta 8 klown ikuskizun eskainiko dizkie arloko profesionalei, antzerki diziplina horren zaleei eta kulturzale guztiei.

Laugarren urtez, klownaren inguruan, Durangon, topagune bat eskaintzeko antolatu dute San Agustin kulturguneak eta bertako konpainia egoiliarra den Ganso & Cia taldeak, Topaklown. Ganso aktore eta antolatzailearen berbetan, "beste jaialdi batzuetan promazio zabala eskaintzea bada helburu nagusia, gure kasuan, klownaren inguruan topagune bat sortzea da gure apustua; profesionalei formakuntza eskaintzea, eta zaleei eta publiko orokorrari ere mundu honetara hurreratzeko aukera ematea".

Publikoaren zein arloko profesionalen aldetik aurreko urteetan jaso dutenaren pareko erantzuna jaso dute, aurten ere, Topaklown-eko ikastaroen izen-ematean: 162 lagunentzako eskaintza egin dute 8 ikastaro desberdinetan, eta lau egunetan plaza guztiak bete dira. Izan ere, gaurko agerraldian parte hartu duten hiru lagunek azpimarratu dutenez, "Euskal Herrian zein Estatuan ere, erreferentea da iada Topaklown, ez dago klown arloko formakuntza eta ikuskizunak eskaintzen dituen beste jaialdirik".

Puntarengo maisuak

Klowaren arloko Euskal Herriko, Europako eta Hegoameriketako maisu ezagunak izango dira Topaklown-en irakasle: Wendy Ramos perutarra, edo azken urteetan Cirque du Soleil-en lan egin duen Anton Valen murtziarra azpimarratu ditu Gansok. Ximun Fuschek gidatuko du, bestalde, Topaklown-en eskaini dituzten hamar ikastaroetatik, euskaraz egingo duten bakarra.

Aurtengo ediziora parte hartzera etorriko diren hainbat profesional arlo horretan jardundakoak direnez, klown sozialaren inguruko mahainguru bat ere antolatu dute, gainera. Martxoaren 24an, 16:30ean izango da hitzordua. Tortell Poltrona, Gansoren berbetan, "Katalunian instituzio bat den pailazoak", Wendy Ramos perutarrak, eta Sergi Claramunt valentziarrak parte hartuko dute solasaldi horretan. "Dela ospitalean daudelako, edo errefuxiatuak direlako, bizi baldintza zailetan daudenak laguntzeko klowna baliatzen duten elkarteen sortzaileak dira hirurak, eta esperientzia horretatik jardungo dira", azaldu du Gansok. 

Gaurko agerraldian Arantza Arrazolak azpimarratu duen bezala, "Aste Santuko egunetarako alternatiba" oparoa eskainiko du, beraz, IV. Topaklown-en programazioak.

Doakoak izango dira topaketaren barruan eskainiko dituzten zortzi antzerki emanaldietatik bi, eta topaketako ikuskizun guztietara joan gura duenak, 25 euroan eskuratu ahalko du bonoa.

Topaklown-en barruko ikuskizunen data eta orduak: ANBOTOren agendan

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!