Kantuan eta dantzan ospatuko dute, andaluziarren eguna, zapatuan, San Agustinen

Anboto 2016ko mar. 10a, 12:00

Durangoko Andaluziarren elkarteko abesbatzak eta Kriskitin dantza taldeak parte hartuko dute martxoaren 12ko musika eta dantza emanaldian. Gainera, Sebastian Fraile El Charro flamenko abeslari durangarraren ahotik, saeta bat entzuteko aukera ere izango da.

Ohi bezala, emanaldiari hasiera emateko, agurra dantzatuko dute Durangoko Kriskitin taldekoek. Azken bost urteetan andaluziarren elkarteko abesbatza zuzentzen jardun den Juanan Buenok azpimarratu duenez, “aspalditik daukagu laguntasuna Kriskitineko dantzariekin, eta beti gonbidatzen ditugu gurekin parte hartzera”.

Buenok azaldu duenez, Andaluziako doinu tradizionalak eta pop kantari andaluziarren kantak ere eskainiko ditu abesbatzak, San Agustingo biharko emanaldian: sevillanak, malageñak, eta Antonio Floresen kantak, esaterako. Abesbatza laguntzen ibiltzen diren Ermuako Andaluziarren zentroko bi gitarristek ere joko dute Durangoko biharko emanaldian.

Belaunaldien artekoa
Kantatu ezezik, dantza ere egingo dute Andaluziarren abesbatzeko kideek San Agustinen. Hogei ­lagun inguru dira abesbatza osatzen dutenak; 60 urtetik gorako hamabost lagunek, eta 20 eta 35 urte arteko beste zazpik osatzen dute abesbatza.  

Hamarkada bi dira 1987an eratu zuten Durangoko Andaluziarren zentroan abesbatza sortu zutela, eta, gutxienez, astean behin elkartzen dira. Buenoren berbetan, pozik daude abesbatzaren aitzakian jatorri andaluziarreko belaunaldi desberdinen artean sortzen den harremana ikusita.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!