Gartxot Gisasola: “Azken txanpan, hainbeste esfortzuren ostean, etapa irabaztea bakarrik neuken buruan”

Anboto 2016ko martxoaren 7a

Gartxot Gisasola erdian podiumeko koskarik altuenean.

Baldintza klimatologiko gogorretan, Gartxot Gisasolak garaipen handia lortu du Santander Hiria txirrindularitza proban.

Txingorra, euria, hotza, errepide irristakorra… berba bitan esanda: Eguraldi txakurra. Baldintza klimatologiko horietan lehiatu dute asteburuan master mailako Santander Hiria txirrindularitza proba eta Gartxot Gisasolak (1976,  Berriz, Durangon bizi da) irabazi du: “Azken txanpan, behin hainbeste kilometro eginda, txingor eta guzti ere, etapa irabaztea bakarrik neukan buruan. Hainbeste ahalegin eta esfortzuren ostean… banekien gatxa zena, baina ‘hau ondo bukatu behar da’ esaten nion neure buruari”, gogoratu du Gisasolak.

Ohi legez, hasieran, ihesaldia sortu bitartean, “zoramena“ nagusitu zen, eraso eta kontraerasoekin. Aldapa batean Gisasolak eta beste batek aurrera jo eta beheranzkoan lasterketa buruan zihoazen biekin bat egin zuten. 12. kilometroa zen: “Laurak erreleboka oso ondo konpondu ginen” gogoratu du. Handik kilometro batzutara errepidea “oso txarto” aurkitu zuten txingorraren ondorioz: “Bihurguneetan, batez ere, arriskutsu zegoen”. Azken mendatean (2-3 km) Ivan Treceño eta biak buruz buru geratu ziren. Gisasolak latz sufritu zuen igoeran, metro batzuk ere galdu zituen, baina hurrengo koskan errekuperatu zituen. Azken kilometroek joko psikologikotik ere izan zuten apur bat: “Ea zelan nindoan galdetu zidan. Nik ondo nindoala, badaezpada. Eta berak ere ondo zihoala esan zidan”. Bata besteaz ez ziren fidatzen eta azkenengo aldapa astiro eta elkar etengabe zainduz igo zuten. Azken metroetako bihurgunera aurretik heldu zen Treceño, baina Gisasolak inertzia handiagoarekin hartu zuen eta esprintean berarentzat izan zen garaipena.

Baldintza klimatologiko gogorretan ondo moldatzen da: “Beharbada beste batzuk baino gorputz gehiago dut, indartsuagoa naiz eta hotza hobeto eramaten dut. Eskalatzaileak-eta, argalagoak direnak, arinago hozten dira”. Baina, batez ere, Berrizko beldromoan egindako lan gogorra bere emaitzak ematen ari dela uste du: “Eskerrak ematen dizkiet”.

Asteburuko garaipenak dedikazio berezi bat du: “Garaipena Aito Bugallori eskaintzen diot. Niretzako Aitor eta Aintzane familikoak bezala dira”.

Afizionatuetan Oscar Freirerekin

Gazte-gaztetatik bizikletari lotuta bizi da Gisasola. 13-14 urtegaz hasi zen. Afizionatuetan hiru urte eman zituen Ripolin Bondex taldean: “Lehen urtean ondo aritu nintzen. Lasterketak irabazteko moduan”. Oscar Freire —hiru bider errepideko munduko txapelduna— eta David Seco —sei bider Espainiako txapelduna ziklo-krosean— lako txirrindulariak izan zituen taldean: “Gero beste urte bi joan ziren, hortik bizimodua ateratzea oso gatxa zela ikusten nuen eta uztea erabaki nuen. Harrezkero neure kontura eta lagunekin dihardut”.

EPR Mendibike Egoin talde berria

Gisasolak eta lagun talde batek EPR Egoin Mendibike kluba sortu dute aurten. Urte askoan ofizialtasun barik elkarrekin aritu ostean, klub moduan federatzea erabaki dute: “Beti elkarrekin ibili garen lagun talde bat gara, baina aurten arte beste talde batzuen bidez aritzen ginen probetan. Egun batean pentsatu genuen. Zergatik ez dugu taldea sortu eta geure izenagaz lehiatzen? Hori izan zen sorburua”. Horrela, aurrerantzean euren elastikoagaz eta euren izen propioagaz lehiatuko dira. 21 lagun daude gaur egun; Durangokoak gehienak, baina Durangaldeko batzuk ere bai. Espezialitate denetarako atea zabalik dute: mountain bike, duatloi, errepideko txirrindularitza…

Asteburuan Euskadiko txapelketa

Zapatuan errepideko Euskadiko Txapelketa lehiatuko dute Ereñon (Bizkaia). Master 40ko podiumean sartzea “itzela izango litzateke” Gisasolarentzat: “Errodadorea naiz. Ez dut txarto igotzen, baina horretan ni baino hobeak badaude. Beraz, niretzat podium bat lortzea arrakasta izango litzateke”. Gaizka Juaristi, Ion Sarasua, Unai Gorroño eta Eñaut Gorroño taldekideak ere aurrean ibili daitezkeela uste du.

Santander Hiria lasterketako une bat (Argazkiak: EPR Egoin Mendibike)

 

 

Gartxot Gisasola helmugaratzen

 

 

EPR Egoin Mendibike taldea

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!