Txomin Marañon: “3.000 metroko atleta denen artean, nirea zen iazko denborarik txarrena”

Anboto 2016ko mar. 5a, 10:00

Negu gogorra izan duela dio Txomin Marañonek (Durango, 1995). Entrenamendu gogorrak, asteko egun askotan. Baina, ahalegin horrek ekarri du bere saria. Urtebetean garapen handia izan du, eta 3.000 metroko proban Euskadiko txapelketa irabazteko balio izan dio pista estalian eta maila absolutuan.

Garaipena sorpresa izan da?
Bai. Anoetan 3.000 metroko probarako batu ginen atleta denon artean, nirea zen iazko denborarik txarrena. Gainera, pista estaliko lehenengo lasterketa nuen. Imajinatu! Beldur apur batekin irten nintzen, baina gero, lasterketan, ondo sentitu nintzen.

Hasieran eutsi, eta azken itzulian erasoa jo zenuen.
Bai. Imanol [Gonzalez, Atletico San Sebastian taldekoa] eta biok aurretik gindoazen; bera erritmoa markatzen. Erritmoa jaitsi zuela ohartu nintzen, eta ni indartsu sentitzen nintzen. Itzuli erdi falta zela, “hauxe da unea” pentsatu, eta erasoa jo nuen. Ez nuen azken zuzengunean sorpresarik nahi.

Neguan entrenamendu gogorrak izan dituzula esan didate.
Oso negu gogorra izan dugu, ordu asko bideratu ditugu entrenamenduetara: bost-sei egun astean. Emaitzak horren ondorio dira. Abadiñoko krosean, Dabid [Garcia] txapeldun eta ni hirugarren geratu ginen. Taldean junior bat dugu, Ander Hilera, oso maila onean dabil, eta Bizkaiko txapeldun geratu da. Hirurok talde sendoa egiten dugu.

Pistara begirako entrenamenduak espezifikoak dira?
Bi egunerik behin pistan entrenatzen gara, eta hor erritmo altuetan aritzen gara. Hauek dira entrenamendurik garrantzitsuenak. Gainerakoan, kanpotik ibiltzen gara, bidegorrietan-eta, errekuperatzeko.

Zelako entrenatzailea da Dabid Garcia?
Entrenatzaile, aholkulari... denetarik da. Oso gustura nago beragaz. Gure erreferentzia eta korrikalari oso ona izateaz gainera, entrenatzaile lez ere oso ona dela erakusten digu. Edozelan ere, emaitza ez da dena. Taldean dagoen giro onak asko laguntzen du. Giro on horrek gure lorpenak berezi bihurtzen ditu. Motibatzen laguntzen digu. Horrela ez balitz, gatxagoa izango litzateke.
Helduko da ikasleak irakaslea gaindituko duen eguna…
Dabidi jarraitzea oso zaila da, benetan, baina horixe da gure motibazioa beti. Berak dioenez, gu indartsu gatozela ikustea aparteko motibazioa da berarentzat ere. Ea bi-hiru urte barru aurreratzen dugun (barreak).

Badituzu aurreragoko lanak. Esaterako, martxoaren 12-13ko asteburuan, Espainiako kros luzeko txapelketan parte hartuko duzu Euskadiko selekzioagaz.
Dabid, Ander eta hiruron helburua Euskadiko selekzioagaz txapelketa horretan aritzea zen, eta lortu dugu. Calatayud-en izango da, Zaragozan. Gozatzea da helburua, denboraldian egindako lanak ekarri didan sari moduan hartzen dut. Maila handia egoten da, eta zaila da aurreko postuetan sartzea.

Beste helburu bat Laredon daukazu.
Bai. 10 kilometroko lasterketa da, eta distantzia horretako Espainiako txapelketan parte hartu ahal izateko denbora minimoa —32.30 azpitik— lortzen saiatuko naiz.  Beste helburu bat 1.500 edo 5.000 metroko Espainiako txapelketetan aritzeko minimoak lortzea da.
Besteekin alderatuta, 1.500 metrokoa lasterketa bizkorra da.
Bai, eta badaukat probatzeko gogoa. Orain, gaztetan, bizitasun hori dugunean, aprobetxatzen saiatu behar dugula uste dut. Esango nuke ondo moldatuko naizela, baina ez dakit, ikusiko dugu. Edozelan ere, gogor entrenatu beharko dugu.

10 kilometroko horri begira, entremenduetako denborek zer diote?
Orain arte egindako probetan denbora horren azpitik ibili naiz, eta ezer arrarorik gertatzen ez bada, denbora ateratzea espero dut. Hori ere beste sari bat izango litzateke, gozatzeko.

Orain urte bi hasi zinen korrika. Ez da umetatik datorkizun afizioa, ezta?
Ez. Umetatik kirol asko egin dut, eta gehienbat futbolean eta esku pilotan aritu nintzen. Esku pilota utzi, eta futbolean jarraitu nuen; Kurutziaga Ikastolan lehenengo, eta Ezkurdin, horren ostean. Inoiz ez naiz futbolari trebea izan, baina denek esaten zidaten korrika asko egiten nuela, iraupen luzekoa nintzela.

Futbola utzi, eta korrika hastea erabaki zenuen.
Hori da. Futbolak ez ninduen motibatzen, eta utzi egin nuen. Geldi ezin naizenez egon, neure kabuz korrika hasi nintzen. Arrasateko lasterketa batean parte hartu, eta bosgarren amaitu nuen. Ondo moldatzen nintzela ikusi nuenean, pistara hurreratu, eta Dabid ezagutu nuen.

Mendi lasterketetan hasi zinen, ondoren krosa probatu duzu, eta orain pista. Proba luzeetatik laburretarantz zoaz.
Iaz, kros denboraldi erdian hasi nintzen, eta ondoren, mendi lasterketak ere egitea erabaki nuen. Belaunean tendinitisagaz-eta arazo batzuk izan ditut, eta mendi lasterketetako jaitsierek beldur apur bat ematen didate. Pista probatu, eta motibazioak aurkitu ditut. Pistan zein krosean jarraituko dut.

Beraz, mendi lasterketak baztertuta dituzu?
Oraingoz bai. Pena da, ze mendia asko gustatzen zait, eta horren falta sumatuko dut, baina bueno. Gainera, mendian ere emaitza onak lortu nituen: Euskal Herriko kopan eta txapelketan bigarren geratu nintzen. 

Beraz, gehien gustatzen zaizun modalitate barik geratu zara?
Mendia asko gustatzen zait, baina bat aukeratu behar banu, krosa aukeratuko nuke. Hanketan indar handia dudala uste dut, eta lupetzean hori aprobetxatu egiten da. Denbora laburrean, daukazun dena ematen den modalitatea da, eta asko gustatzen zait hori.

Mendia, krosa, pistako askotariko distantziak… Zure benetako espezialitatea bilatzeko prozesuan zaude?
Bai, oraindik ez dakit non eman dezakedan nire onena. Mendian 20 kilometroko probetan ibilia naiz, baina apur bat luze geratzen zaizkit; nire neurria 15 kilometro direla uste dut. Asfaltoan, 10 kilometrotik ez naiz pasatuko, nire onena 5 kilometroren bueltan dagoela esango nuke. Denboraldi amaieran ikusiko dugu denborek zer dioten, eta horren ostean baloratuko dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!