Plateruenean eskainiko dute, gaur, ‘Los Insignificantes’ obra

Anboto 2016ko mar. 4a, 13:00

Plateruenan eskainiko dute, gaur, 22:00etatik aurrera, Atara Zarata Durangoko taldearen Los insignificantes antzerki obra. Gizartearen arauetatik kanpo bizi diren kabaret bateko langileak dira Markel Ganboak idatziriko istorioaren protagonistak.

Zazpi bekatu kapitalen inguruan ardazturiko istorioa da Los Insignificantes: “Kabaretetik kanpo daudela uste dutenak ere mundu horretan sartuz gero, bertan geratuko liratekeela iradokitzen dugu antzezlanagaz”, azaldu zuen Ganboa zuzendariak, lana estreinatu zutenean.

Iazko apirilean estreinatu zuten antzezlana, Durangoko San Agustinen. Taldekideak euren herrian arituko diren bigarren aldia izango da, beraz,  Platerueneko gaurkoa. Estreinaldian publikoak harrera oso beroa egin ziela gogoratu du Ganboak: 200dik gora ikusle izan zituzten, “publikoa oso gustura atera zen, eta baita geu ere: sentsazio onak izan genituen”.

Durangoko San Agustinen antzezlana estreinatu zutenetik hona, antzezlanaren testuan zenbait moldaketa egin dituztela azaldu dute taldekideek. Eta antzezle taldean ere badago berrikuntzarik: Miren Uribelarrea eta Leire Barrenetxearen ordez, Usue Martinez eta Jon Blanco sartu dira taldean. Eurekin batera, Aitor Etxarte, Julene Bernaola, Pello Velasco, Ane Moreno eta Iban Quesada dira antzezlaneko aktoreak.

Los insignificantes obra honen aurretik, Desberdinak eta Nor nori nork antzezlanen sorreran elkarlanean jardun izan dira taldekideetako asko.

Platerueneko gaurko emanaldiaren ostean, Los insignificantes antzezlana leku gehiagotan erakusteko aukerak sortuko zaizkiela espero dute Atara Zarata taldekoek. Hainbat antzokigaz, eta antzerki amateurreko jaialdiekin harremanetan dabiltzala aurreratu dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!