Javi Mugica: 'Ardosaltsanerako pintxo originalak sortzen ahalegintzen gara'

Anboto 2016ko mar. 4a, 11:00

Bihar, Ardosaltsan feriaren edizio berri bat hartuko du Landako Guneak.

Ardoagaz landutako platerak izango dira aurtengo nobedade nagusia, baina, horretaz gainera, gastronomiagaz lotutako askotariko eskaintzak egongo dira. Esaterako, Saltsan kateringek pintxo bereziak ekarriko ditu, eta Javi Mugica (Donostia, 1962) izango da zeregin horretan ibiliko den sukaldarietako bat. Ofizioan urte askoan dabilen sukaldaria da, Juan Mari Arzakegaz eta Pedro Subijanagaz ibilitakoa, besteak beste. Hasieratik parte hartu du Ardosaltsanen, Saltsaneko Iñaki Uriberi pintxoekin laguntzen. “Ardosaltsanerako pintxo originalak sortzen ahalegintzen gara”, esan du Mugicak. Bihar, bost pintxo mota aurkeztuko dituzte.

Oso gustura etortzen da Mugica Ardosaltsanera: “Esperientzia oso polita da. Standean egoten naiz, baina tarte bat edukitzen badut, beste eskaintzak probatzeko aprobetxatzen dut”.

Esperientzia pertsonalaz aparte, azoka moduan ere era baikorrean baloratzen du Ardosaltsan: “Feria desberdina da. Jendea standetan kontaktuan egoteko saiakera egiten da. Gainera, Durangaldean gogo handia dago horrelako gauzak probatzeko”.

Asteburu honetan, eskualdez kanpoko jendea ere etortzen da Durangora. “Urterik urte, bisita egiteko feria lez finkatzen dabil. Jendea, Ardosaltsan noiz helduko itxaroten egoten da”, esan du Mugicak. Berba oso onak izan ditu Iñaki Uribe antolatzailearentzat: “Meritu handia dauka Iñakik. Lan handia egiten dabil zonalde horretako gastronomiaren inguruan”.

Goizetik gauera
Horrela bada, bihar gastronomiaren zaleek beteko dute Landako Gunea. 11:00tik 20:00ra, etenaldirik barik, 16 euroren truke dozenaka ardo eta makina bat jaki dastatzeko aukera egongo da.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!