Mikel Kazalis: “Gauza ederra da taldea sortu zenerako jaio gabe zeudenak kontzertuetan ikustea”

Anboto 2016ko mar. 3a, 18:05

Eraso! talde zarauztarraren ostean eskainiko du Anestesia laukoteak kontzertua, Plateruenean, zapatuan

Urtebete inguru da ‘Zirkulutik espiralera’ diskoa kaleratu zenutela. Zelako sentsazioak izan dituzue denbora honetan?
Ikaragarri ondo joan da urtea. Oso pozik gaude. Disko hau atera genuenean, 27 urte bete zituen taldeak, eta aurreko diskotik jo gabe hainbat urte egon eta gero, berezia izan zen. Ez genekien jendeak zer harrera egingo zigun, baina zuzenekoekin hasi ginenetik, oso harrituta gaude zaleen erantzunarekin. Leku askotatik deitu digute, eta jende asko etorri da kontzertuetara. Oso kontzertu potenteak izaten ari dira.

Zelako erritmoan ibili zarete azken bira honetan?
Taldekideon artean negoziatu beharra izan dugu, hilabetean zenbat kontzertu egin adosteko. Bakoitzak gure lan, familia, eta taldeak dauzkagu, eta adostu dugu hilean bi kontzertu egitea, gehienez. Muga horrekin jardun gara aurten.

Ezezko asko eman duzue?
Egia esan, bai. Hilean bi kontzertu horiek baino gehiago jotzeko proposamenak egiten dizkigute, eta askori ezetz esan behar izaten diegu.

Euskal Herriko zein hemendik kanpoko proposamenak jasotzen dituzue?
Euskal Herrian jotzen dugu gehienbat, baina Madril, Zaragoza, Katalunia edo Galiziatik ere jasotzen ditugu proposamenak. Zaila egiten zaigu horrelako lekuetara joateko antolatzea, baina, noizean behin, egiten ditugu; Iaz, esaterako, Resurrección Fest jaialdian jo genuen, eta laster, Otero Brutal Fest jaialdian joko dugu, Oviedon.

Kanta berriak dira birako kontzertuen ardatza?
Talde batean jotzen urte asko daramazunean, eta errepertorio zabala daukazunean, zaila egiten da kontzertuetarako kanta zerrenda prestatzea: kanta berriak zuzenekoan sartzeko, zaharren batzuk atera beharra dago, baina, aldi berean, publikoak klasikoak entzutea gura du. Gero eta arazo handiagoa daukagu horrekin, baina azken disko honen biran zortzi kanta berri eskaintzen gabiltza. Geu zein entzulegoa ere diskoarekin oso gustura gaudelako gertatu da hori. Kanta berriak jotzeko beharra sentitzen genuen.

Baina, kanta klasiko batzuk derrigorrez jo beharrekoak izango dira... Entzuleek eskatu egiten dizkizuete...
Bai, beti dago borroka hori; klasiko batzuk jo beharra dago kontzertu guztietan. Gure kasuan, zuzeneko guztietan jotzen ditugu aspaldiko dozena erdi kanta.

Zelakoa izan da bira honetako zuzenekoetan jendeak eman dizuen erantzuna?
Jo gabe hainbeste urte daramazunean, pentsatzen duzu logikoa litzatekeela jendea zutaz ahaztea, edo tendentzia berriak beste batzuk izatea, eta zuk egiten duzuna modaz pasata geratzea.

Baina ez zaizue horrelakorik gertatzen. Entzulego oso fidela daukazue.
Diskotik diskora sei-zortzi urte pasatzen ditugu jo gabe, eta harritzekoa da, berriro azaltzen garenean, garai zaharreko jarraitzaile asko, baina baita belaunaldi berriak ere hurreratzea gure kontzertuetara. Gauza ederra da taldea sortu zenerako jaio gabe zeudenak ere gure kontzertuetara etortzen direla ikustea. 27 urte asko diren arren, gure ibilbidea hasieratik jarraitu duen jendeak ere jarraitzen du gure kontzertuetara etortzen.

Trash-metal doinuen jarraitzalea ez den jendea ere erakartzea lortu izan duzue, gainera.
Esan izan digute hori, bai: etxean gure disko bat inoiz ipiniko ez lukeen jendea ere gustura etortzen dela gure zuzenekoetara. Badirudi, musika estilo honen oso zale ez den jendeak ere gustuko duen indar bat transmititzen dugula zuzenekoetan.

Urte osoan jarraituko duzue kontzertuak eskaintzen?
Lehengoan galdetu genion geure buruari: “Noiz arte jarraituko dugu biragaz?”. Urte bukaerarako eskaintzak jasotzen hasiak gara, eta, egia esan, bertigo apur bat ere ematen digu urte guztia programatua izateak.

Plateruenean jo zuten azken aldia oso gogoan dute taldekideek

2006ko abenduan Durangoko Plateruenean jo zuteneko “oroitzapen oso potentea” dutela taldekideek kontatu du Mikel Kazalis Anestesia taldeko gitarristak. Bost urteko geldialdiaren ostean, Terapia diskoaren birako lehenengo kontzertua jo zuten, Durangon. “Geldialdiaren ostean, ez genekien jendeak zer erantzun emango zuen, eta harrigarria izan zen Plateruenekoa: mila entzuleren aurrean jo genuen, ikaragarria izan zen”.


Diskotik diskora egiten dituzten geldialdiak zelakoak izaten diren galdetu dio ANBOTOk Kazalisi, eta denbora batez entseguetarako ere ez direla elkartzen kontatu du musikariak: “Jasotzea behar dugu, zerbait eskaini ahal izateko, eta denbora behar da horretarako: abesti berberak jotzen bi urte daramagunean, asperdura eta zerbait berria egiteko gogoa sentitzen dugu”.

 
Ibilbide luze eta oparoko musikaria da Kazalis: Negu Gorriak edo Kuraia taldeetan jo zuen, Anestesiako kidea da 1988tik, eta Matxura taldean ere jotzen du. Anestesia taldeko beste hiru musikariek ere beste talde batzuetan jotzen dute: Ernia taldean Imanol Beloki bateria-jotzaileak, eta The Brutal taldean Dani Aizpuruak eta Ibon Esteibarrek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!