Duranguesak urtero antolatzen du gazte mailako lasterteka eta, iaz afizionatu mailako taldea atera zuenez —Eiser-Inforlur—, aurten maila horretako lasterketa bat antolatzea erabaki dute. Biak martxoaren 24an izango dira: “Data aproposa dela uste dugu Aste Santuan ez dagoelako afizionatu mailako lasterketarik”, dio Duranguesa-ko Josu Atxotegik. Goizean, 09:30ean, afizionatu mailakoa hasiko da eta arratsaldean gazteetakoa. Biak Aitor Bugalloren Oroimenezko lasterketak izango dira: “Aitor Duranguesako txirrindularia izan zen gaztetan eta familiagaz berba egin ostean erabaki hori hartu genuen. Aitorren senitarteko batek emango ditu sariak ere”.
Ibilbidea Durango erditik
Afizionatu mailako lasterketak 130 kilometro izango ditu eta gazteenak 80. Aurten ibilbidea moldatu egin dute ikusgarritasuna bilatuz: Miotatik zehar egindako itzuliak Durango erditik igaroko dira. Francisco Ibarra kaletik sartu eta Ezkurditik igaroko dira. Ondoren, Tabiratik —Eguzkitza auzunetik— Abadiñora joango dira. Tarte horretan dagoen bidearekin klasika ukitua eman gura diote lasterketari. Nagusiak bost bider igaroko dira Durango erditik eta gazteak hirutan.
Goizeko lasterketa Euskaldun Torneorako puntuagarria izango da eta arratsaldekoa, berriz, Euskal Herria Txapelketarako.