Jose Antonio Aranda: "Euskal Herria oso sentsiblea da eragiten dioten enbatei"

Anboto 2016ko ots. 28a, 10:00

Jose Antonio Aranda (Durango, 1961) Euskalmet zerbitzuko arduradunak Madrilgo eski-estazio batean eman zituen eguraldia iragartzeko lehenengo urratsak. Negu leunak ez duela zertan udaberri gogorra ekarri argitu du.

Eguraldia, zientzia ala herriaren jakinduria?
Jakintza alor guztietan nahasten dira, askotan, herriaren jakituria eta zientzia. Zientziarik, teknikarik ez zegoenean, herriaren jakituria zegoen bakarrik. Hartara, belaunaldi askoan iraun du bizirik gizartearen ezagutza premia horrek. Baina, gaur egun, indarra galtzen ari da batzuetan oso interesgarria den jakituria lauso hori; asko ikasi daiteke. Ezagutza hazi ahala, teknikak zehaztapen gehiago jazo ahala, jakituria lauso hori zientziaren zati bihurtu da.

Iragarpenak gero eta zehatzagoak dira. Hala aitortzen dizuete herritarrek ere?
Argi eta garbi, bai. Ez da bakarrik atmosferaren ezagutzak izan duen sekulako bultzada.Hainbat faktorek eragin dute 40 urteotan meteorologia eta klimatologian emandako aurrerapausoan. Atmosferaren eredu askoz sotilagoak egitea erraztu dute milioika operazio egiteko gaitasun itzela duten ordenagailuek. Segunduoro, mundu osoko informazioa batzen duten milioika sentsore  daude, eta, izugarrizko datu-fluxua dago munduan.

Munduko informazioak zehazten du tokikoa?
Ereduetan munduan gertatzen denaren argazki erreala ematen digun informazioa sartuta, datozen ordu eta egunei buruzko kalitatedun informazioa  lortuko dugu. Argazkia txarra bada, informazio eta iragarpenak halakoak izango dira.

Gero eta gehiago begiratzen diogu eguraldi iragarpenari?
Egungo gizartea just in time deritzon filosofian mugitzean, denborak optimizatzea behar du sistema guztiak. Kanpo-parametroak optimizatzeko (meteorologia tartean) premiazkoak izaten gara: elurragatik errepidea moztuta  egoteak eguneko produkzioa izorratu dezake. Denok minutuekin lan egiten dugula jakinda, meteorologiaren oso menpe gaude.

Aurten negu arraroa izaten ari gara?
Otsaila, apur bat ohikoagoa ari da izaten. Baina, azaroa, abendua eta urtarrila oso beroak, lehorrak, ezohikoak izan dira. Deigarria da joera hori hiru hilean luzatzea. Ia nola amaitzen den otsaila, baina, litekeena da beroa izatea.

Udaberria asko atzeratuko du negu ezohiko honek?
Kontrakoa. Udaberria aurreratzen ari da! Zuhaitzen kimuak irteten hasi dira, belarra hazi da, ohiko geraldi begetatiborik egin gabe. Izandako berotasun ordu sobera horiek, eta izotzaldi faltak landaretza nahiko aurreratuta egotea eragin du, eta azken izotzaldiekin sufritu egin dezake. Negua oso suabea denean, beranduko izotzaldiek min handia egin dezakete.

Halako neguak udaberri edo uda eskasa ekarriko digu?
Ez dauka zertan. Etorriko dena etorriko da.

Oraindik elurra ikusiko dugu?
Ekaitzek hartuko duten norabidea argitzeko dago, baina elurra ekarri lezakeen eguraldia datorrela dirudi. Euskal Herria oso sentsiblea da eragiten dioten enbatei. Norabide aldaketa oso txikiek eguraldi guztiz desberdinak eragin ditzakete.

Argia da aldaketa klimatikoa?
Oso argia. Gure gurasoek edo guk geuk txikitan bizitakoak baino tenperatura askoz altuagoak bizi ditugu. Gizakia da erantzule neurri batean, baina, arriskutsuagoa deritzot gizarte honen lurraren erabilpenari. Klima aldaketaren aurkako ekintza oro onuragarria izango da datozenentzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!