Kultura herriko gune desberdinetan eskaintzeko helburuagaz, Durangoko San Agustin kulturguneak antolatzen duen Uda Kalean Bizi programazioaren barruan estreinatu zuen Dikhotomia taldeak Spazi...O ikuskizuna, uztailean. Durangoko Musika eskolako lorategian eskaini zuten zirku garaikideko emanaldia udan, eta, San Agustin kulturgune barruan arituko dira, otsailaren 27an, 20:00etatik aurrera.
Abadiñon bizi diren Barbara Govan italiarra eta Endika Salazar bilbotarra dira testurik bako Spazi...O ikuskizunaren sortzaileak, eta beraiek dira ikuskizunean akrobaziak eta malabareak egiten dituzten artista biak.
Bizitza errealean ere bikotea dira Govan eta Salazar, eta euren bizipen eta emozioak oinarri hartuta, bikote baten azaletik dihardute ikuskizun honetan. Bizitza bikotekideagaz partekatu arren, norbanakoak bere banakotasuna mantentzeko duen beharraz dihardute ikuskizunean, elkarrengana hurreratu eta bata besteagandik urruntzen dituen dantzan.