Durangoko Museoan daude Javier Gorosarriren ‘Durangaldeko paisaiak’

Anboto 2016ko ots. 25a, 11:12

Martxoaren 6ra arte egongo dira Javier Gorosarriren (Durango, 1929) koadroak Durangoko Arte eta Historia Museoan.  

Durangaldeko landagunetako irudiak dira Javier Gorosarrik Durangoko Museoan ipini duen erakusketako koadroen gaiak. Eskualdeko baserriak eta paisaiak dira Gorosarrik azken hamarkadetan egindako margolanen protagonistak. Atxondo, Elorrio, Abadiño, Berriz, Izurtza, Durango edo Mañariko ­auzoetako paisaiak agertzen dituzten margolanak ezezik —olioagaz egindakoak—, grabatu lanak ere badaude Durangoko erakusketan.

Otsailaren 17an zabaldu zuten erakusketa, eta martxoaren 6ra arte egongo da Durangoko Museoan ikusgai. Martitzenetik barikura, 11:00etatik 13:30era, eta 16:30etik 20:00etara; zapatuetan 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara; eta domeka eta jaiegunetan, 11:00etatik 14:00etara dago erakusketa zabalik.

Aire zabalen gustoren
Autodidakta da 88 urteko Javier Gorosarri, eta paisaien argazkietatik abiatuz, bere koadroak sortzen jarraitzen du, Berrizko etxeko ganbaran. Azaldu du Mañariko irudi bat darabilela, besteak beste, egunotan eskuartean. Durangaldeko auzoetan zehar ibiltzea, eta bertatik bertara, aire zabalean margotzearen falta sumatzen duela dio margolariak: “Bestelakoa da hor zehar ibili eta kanpoan margotu ahal izatea; oso gustura ibili izan naiz lan horretan”.

Artea eta Ofizioak ikasi zuen Gorosarrik Maristetan, eta oso gaztetatik du margogintzarako zaletasuna. Kontatu du, esaterako, 1948an egindako kuadro bat daukala ganbaran, Durangoko Tabirako elizarena, hain zuzen.

Tabiran ikasitakoa
Oso gogoan du Durangoko Tabirako solasaldietan ikasi zuena. Ahaztu ezinak ditu Losa, Capelastegui, Legorburu, eta beste hainbat lagun artista, zein gaztaroan Durangon ezagutu zuen mugimendu artistikotik jasotakoa.

Elias Garralda margolariaren jarraitzaile eta laguna da Gorosarri, eta lagun nafarrak bezala, paisajistatzat definitzen du bere burua.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!