Juan Manuel Balierren Oroimenezko Durango-Durango emakumeen klasikoak hainbat nobedade izango ditu aurtengo aldian. Alde batetik, data aldatu dute eta apirilaren 12an izango da. Horrela, ohi moduan, Emakumeen Biraren (apirilaren 13tik 17ra) aurreko egunean egingo dute. Bestetik, lasterketako azkenengo kilometroak ere berriak izango dira. Aurten ez dute Muniketa igoko; horren ordez, birritan igaroko dira Garai gainetik. Lehenengo igoera Garai herritik egingo dute eta bigarrena San Juanetik. Azken igoera horretan %17ra arteko maldak daude antolatzaileek jakinarazi dutenez. Helmuga, betiko moduan, Durangoko Ezkurdin izango da.
Duranguesa txirrindulari elkarteko antolatzaileen esanetan iaz junior mailako lasterketa batean probatu zuten ibilbide hori eta “oso balorazio ona” egin zuten.
Momentuz 15 taldek eman dute izena. Parte hartuko dutenetako bat Lizzie Armitstead (Boels Dolmas) munduko txapelduna izango da. Iazko irabazle Emma Johansson ere etorriko da.