Idoia Agorriari udaleko kargua uzteko eskatu diote Durangoko PSE-EEko 8 militantek

Anboto 2016ko ots. 18a, 10:36

Otsailaren 8an kudeaketa batzordea batzartu zen gaia aztertzeko, eta Agorriari kargua uzteko eskatu zioten bi kidek. Erantzunik ez duela eman ikusita, alderdiko zortzi kidek (bi batzarkideek eta beste seik) manifestua sinatu dute eta prentsara bidali dute gaur. "Agorriaren izendapenak ez dio inongo logika politikori erantzuten, interes pertsonalari bakarrik".

Idoia Agorria sozialista udal gobernuko gestiorako kontratatu izanak hautsak harrotu ditu, eta gaiak etxe barruan eztanda egin dio PSE-EEri. Izan ere, zortzi militanteek bidalitako gutunean diotenez, kontratazioa ez da PSE-EE eta EAJren arteko akordioetan jasotzen, ez Durangokoan ez Bizkaikoan. Gainera, azaldu dute Durangoko batzordeak, udaleko taldeak eta alderdiko zuzendaritzak ez dutela kontratazioa baimendu. "Egoeraren berri prentsatik izan dugu", esan dute sozialistek. I. Antwi, Y. Bilbao, J.A. Delgado, M. García, J.A. Martín, J.A. Orbegozo, A. Reyes eta S. Reyesek sinatu dute manifestua.

Horrela, Agorriaren kontratazioa "erabaki pertsonalen" araberakoa dela uste dute. "Otsailaren 8ko batzarraren ostean jakin dugu Pilar Ríosen iniziatiba hutsa izan dela. Ez du inongo erabakiguneren baimena jaso, eta onartu du informazio hori ezkutatu egin diela zuzendaritzei".

Asanblada urgentea
Zortzi militanteek diote alkatetzaren konfiantzazko postu hori ez dela bateragarria Agorriaren militantziagaz. Berriro ere kargua uzteko eskatu diote, eta Ríosi ere ardura hartzeko exijitu diote. Egoera aztertzeko militante sozialisten asanblada urgente bat egingo dutela adierazi dute.

Urak nahastuta
Agorria zinegotzi liberatua izan da azken bi legealdietan, eta 2015eko maiatzeko hauteskundeen ostean udaletik kanpo geratu zen; hirugarren postuan joan zen eta alderdiak bi aulki lortu zituen. EH Bilduk alkatetzaren kontrataziorako dekretua argitaratu zuen, eta "etikoki iraingarria" zela salatu zuen: "Bulegoetan lortu du herritarrek eman ez ziotena".

Baina, Durangoko PSE-EEko urak atzeragotik datoz nahastuta. Hauteskundeen aurretik krisia eduki zuten, eta batzordeak dimititu egin zuen. Ríos eta Fernando Castillo primarietako hautagaiak ziren; bozketa aurreko egunetan alderdiko afiliatu kopurua 74tik 98ra igo zen, eta kide berri horiek Riosek berak inskribatu izana salatu zuten Castilloren aldekoek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!