Ordorikak azaldu duenez, 2014an kaleratu zuen Lurrean etzanda diskoko kantekin hasiko dute zapatuko emanaldia, baina "sasoi guztietako kantak" joko dituzte Durangon. "Plateruena plaza polita da, eta beti da eskertzekoa bertan jo ahal izatea", azpimarratu du Ordorikak: "Gure aurretik Aguxtin Alkhat lapurtar kantariak joko du gainera, eta gau polita izango da".
Datozen asteetan, Mallorcan, Valentzian eta Galizian kontzertuak eskaintzeko asmoa duela azaldu du Ordorikak. Eta kontzertuek denbora asko eskatzen duten arren, kanta berriak sortzen ere badiharduela: "Poliki-poliki, banabil kantak sortzen, baina momentu honetan ez dakit aurten zerbait grabatzera sartuko naizen ala ez: erabakitzeke daukat".