Lakultu: gazteentzat Kulturalak martxan jarri duen eskola berria

Anboto 2016ko ots. 14a, 10:00

Durangoko kulturalak martxan jarriko du, datozen hilabeteetan, futbol eskola propioa. 2005etik 2010era bitartean jaiotako haurrek hartuko dute parte proiektu honetan. Lan saioak apiriletik ekainera bitarte izango dira, ordu eta laurdeneko iraupena izango dute, eta euskaraz eskainiko dituzte. Bai neskek bai mutilek parte hartu ahal izango dute futbol eskolan.

Eskolaren helburua gaitasun fisiko eta psikikoak hobetzea izango da. Horretarako, prozedura tradizionaletik aldendu, eta nork bere erabakiak hartzean oinarritzen den prozedurari ekingo diote. “Entrenatzaileek eskatzen dizkieten jokaldiak egin beharrean, haurrak beraien kabuz ohartarazten dira egin behar dutenaz. Honela, era askosaz intuitibo batean ikasten dute jokoaren muina”, dio Javi Morales Durangoko Kulturaleko koordinatzaileak.
Lan saioak domekero izango dira, eta bertan, haurrek beraien adinari dagokion entrenamendu pertsonalizatua jasoko dute, beraien futbol gaitasuna hobetuz joateko. Kurtsoko matrikulak 50 euroko kostua izango du, eta hilabete bakoitzeko kuota 20 eurokoa da.
Martxoan bilera bat antolatuko du Durangoko Kulturalak futbol eskolan izena eman duten umeen gurasoekin. Bertan, proiektuaren aurkezpenaz gain, entrenatzaileek erabiliko dituzten metodologia eta prozedura aurkeztuko dituzte.
Dagoeneko inskripzioa egiteko epea zabalik dago; info@culturaldurango.org helbide elektronikoan lortu daiteke eskaera orria. Momentuz, 20 haur daude bertan izena emanda, baina gehiago espero dituzte Kulturaleko koordinatzaileek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!