Leopoldo Zugaza: "Jakin-min falta da, gaur egun, kulturaren gaitzik handiena"

Anboto 2016ko ots. 5a, 09:30

Sabino Arana saria eman diote Zugazari (Durango, 1932), kultur arloan urteetan egindako langatik. Lehengo eta oraingo kulturgintzaz berba egin du elkarrizketan: "Uste dut, orain 50 urte geneukan gauzarik inportanteena etorkizunerako ilusioa zela. Ez dut esango gaur egun ilusiorik ez dagoenik, baina bai, lausotu egin dela, zelanbait."

Zelan joan zen Bilboko Arriagako domekako ekitaldia?
Behar den bezalakoa izan zen: serioa eta zorrotza. Lagunek ere esan didate gustu handiz egindako ekitaldia izan zela, oso ondo antolaturikoa. Hainbat saridunek egin zituzten diskurtsoak ere nabarmentzekoak iruditu zitzaizkidan: errefuxiatuen inguruan berba egin zuenarena, kasurako. Erabat bidegabea da gai horretan gertatzen ari dena: geu ere errefuxiatu izan ginela ahaztu dugula dirudi!

Kulturak laiariak behar dituela esan zenuen zuk zure diskurtsoan. Zer esan nahi zenuen?
Duela 60 urte baino gehiagotik esaten dihardudana: lan ikaragarria dugula kultur arloan egiteke. Euskal Herrian ez dugu zerbitzu kulturalik eduki orain gutxi arte: nik 18 urte nituenean, 1948an, Durangon ez zegoen liburutegirik. Gure herrietako liburutegiak 80ko hamarkadaz geroztik zabaldurikoak dira. Ez daukagu zerbitzu kulturalak erabiltzeko tradiziorik gurean. Asko daukagu egiteko, eta esango nuke ez goazela bide onetik. Orain asmatu duten hezkuntza sistemak ez du laguntzen, esaterako: Historia eta filosofia curriculumetik kanpo uzten duen sistema batean ezin dugu espero Nietzsche edo Kant-en parekorik sortzerik. Frontoirik bako herrian pilotariak espero izatea bezalakoa litzateke.  

Duela 40 urte ez bezala, baina, Durangaldeko herri denetan daukagu liburutegia, esaterako.
Bai. Baina sariketa egunean eman nuen beste datu bat esango dizut: 2014an EAEko liburudenden %27,8 itxi zen. Norantza goazen adierazten du horrek, nire ustez: kutxazain automatikotik dirua zelan atera, badirudi egun hori dela arduratzen gaituen jakintza bakarra! Egia da lan handia egin dela, baina erronka handiak dauzkagu.

Askoren kezka da, egun, espazioak eta aukerak izan baditugun arren, herritarrengandik urrun daudela. Hurbilpen hori lortzea da erronketako bat?
Badakizu zergatik ez dagoen pilotaririk Kongon? Ba, frontoirik ez dagoelako! Ez genuke ulertuko norbaitek aspirina eskatu arte farmaziarik ez zabaltzea, ezta? Zerbitzu hori eskaintzen da, eta behar duen erabiltzailea joango da zerbitzua baliatzera, beharra daukanean. Nik ez dut trena hartzen, baina badago zerbitzu bat. Berdin kulturagaz: eskaini beharra dago zerbitzua. Gero, beste kontu bat da hori zelan gizarteratu.  

Kultura arloan ere, orain 50 urte baino pasiboagoak gara?  
Ez dakit. Uste dut, orain 50 urte geneukan gauzarik inportanteena etorkizunerako ilusioa zela. Ez dut esango gaur egun ilusiorik ez dagoenik, baina bai, lausotu egin dela, zelanbait. Horren arrazoiak aztertzea soziologo eta filosofoentzako gaia da, oso diagnostiko zaileko kontua. Uste dut jakin-min falta dela, gaur egun, kulturaren gaitzik handiena: oinarri-oinarrizkoa da jakin-mina kulturaren munduan.   

Euskal kulturan giltzarriak izan diren ekimenak bultzatu dituzu, euskaraz mintzatu barik. Zer harreman duzu euskaragaz?
Aita bertakoa nuen, albaitari euskalduna, baina ama asturiarra zen, eta etxeko hizkuntza gaztelania genuen. Frankismoko urte luzetan, gainera, zekiten askok ere ez zerabilten euskara: hainbat lagun euskaldun neukan Durangon, baina ez nekien euskara bazekitela, diktadura amaitzean euskaraz egiten entzun arte. Emaztea eta ni maketoak gara, ez dakigu euskaraz, baina euskaraz dakiten zortzi biloba ditugu. Oso kontuan hartzekoa da eboluzio hori. Hizkuntzak kohesionatzen du herria.

Urteetako esperientziatik jasotako jakintza partekatzeko beharra

“Azkar uzteko itxura” emateak, jendeak “begira hau, badator bere predikua egitera” esateak,  ikaratzen duela dio Leopoldo Zugazak. Baina, kulturari loturiko bere berbeta entzuten duena, laster ohartzen da esaten duenaren oinarria esperientzia zabal eta benetakoa dela: kultur munduari loturiko lanean eman dituen urteetako esperientziatik ikasitakoa.

Zugazak berak azaldu duenez, “Julio Caro, Jose Miguel Barandiaran, edo Manuel Lekuonagandik ikasteko aukera eduki genuen, eta eurengandik jasotakoa ezin dugu geuretzat gorde: transmititzeko beharra sentitzen dut”. Entzuleak esandakoa kontuan hartuko duen ala ez, hori beste kontu bat izango dela badakiela aitortu du durangarrak.

Sabino Arana Fundazioak joan zen domekan eman zion saria jasotzeko ekitaldian, kulturak “laiariak” behar dituela esan zuenean bezala, solasaldi honetan zehar ere, behin baino gehiagotan egin du kulturaren eta baratzezaintzaren arteko paralelismoa Zugazak: “Landatu ezkero, seguru egon hazi batzuek emango dutela fruitua!”.

Antzinako musikaren inguruko ikerkuntzan diharduen Ander Berrojalbiz durangarra aipatu du Zugazak, harena bezalako lanean diharduen jendea babestu beharra dagoela aldarrikatzeko. Eredugarri deritzo Berrojalbizen jardunari: “Pozgarria da laiari bat gehiago daukagula jakitea!”.
Bere bizitza Durangora joan-etorrian egin duela dio, ezin duela herriko kultur egoeraren inguruko iritzi zehatzik eman. Baina, jakinaren gainean dago, esaterako, Arte eta Historia museoan ematen dituzten ikastaroen matrikulazio epea zabalik dagoela. Hain zuzen, besteren artean, Leopoldo Zugazaren ekimena izan zen ikastaro horiek antolatu dituen Durangoko Museoa sortzea.   

Gerediaga Elkartearen eta Durangoko Azokaren sorreran ere parte hartu zuen Zugazak. Gogora ekarri du Durangoko Landako inguru guztiari eragiten zion autobidearen proiektuaren kontra Gerediagak egin zuen lana, edo baita, Amankomunazgoaren sorreran egindako ekarpenak ere.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!