200 lagun inguruk eman dute izena dagoeneko, domekan Durangoko herri krosean parte hartzeko

Anboto 2016ko urt. 27a, 14:15
Iazko herri krosa.

Durangoko Herri Krosaren IV. edizioa jokatuko da, domekan. Mugarra Triatloi Taldeak antolaturik, aurten ere lasterketa bi izango dira: 10 kilometroko lasterketa homologatua, eta 5 kilometroko zirkuitu laburra. Zirkuitu laburrari buelta bi emanda beteko dute korrikalariek ibilbide luzea.

Irteera ordua 11:00etan izango da, eta dortsal banaketa 9:00etatik 10:30era. Lasterketan izena emateko, www.apukosport.com webgunean dago aukera. Inskripzioak, aurretiaz, 10 euroko kostua izango du; proba egunean, ostera, 15 eurokoa. Proba amaieran, janari eta edariarekin batera, Mugarra Triatloi Taldeak galtzerdiak emango dizkie partaideei. Bestalde, dutxa hartzeko aukera ere egongo da, 14:00ak arte, Landako kiroldegian.

Mugarra Triatloi Taldeak azaldu duenez, dagoeneko 200 parte-hartzailek eman dute izena, eta, guztira, 300 partaide baino gehiago espero dituzte: “Eguraldi ona lagun, edonork parte hartu dezakeen lasterketa dugu  Durangoko herri krosa”,  adierazi dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!