Plataformakoen mozioak ez zuen autobidearen doakotasuna eskatzen, aurretiaz uste zenaren aurka. Hauxe zen eskari nagusia: "Azpiegitura horren finantzazioa ez dadila egin Durangaldeko eta Lea-Artibaiko biztanleak diskriminatuko dituen sistema baten bidez". Beraz, edo doakoa izatea edo bizkaitar guztiek berdin ordaintzea.
EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak plataformaren mozioa babestu dute. Ion Andoni del Amorentzat (EHB), "bizkaiko katalanak" dira Durangaldeko herritarrak: "Bizkai osoko bidesariak ordaintzen ditugu. Diskriminatorioa da". Gainera, sistema "soziala, ekologikoa, justua eta orekatua" izan behar dela uste du. Julian Riosek (HE) ere "diskriminazio iraunkorra" salatu du, eta gogoratu du 12.000 sinadura batu direla bidesarien aurka. "Gaur protagonismoa plataformarena da. Ez dezagun euren mozioa zatitu edo deskafeinatu".
Atzo prentsari esan lez, EAJk eta PSE-EEK mozio alternatiboa aurkeztu dute. Erabiltzaileen "gastua murrizteko neurriak" hartzea eskatu diote Aldundiari, eta arazoaren inguruko azterketa bat egin dezala ere bai. "Ulertzen dugu herritaren haserrea", adierazi du Pilar Riosek (PSE). Baina, euren proposamena bideragarria dela esan eta hori defendatu du. Goiztidi Diazek (EAJ) herritarren proposamena eskertu du, eta oposizioko alderdien "zirkoa" kritikatu du. Fran Garatek (PP) ez du ez bata ez bestearen alde egin; bestalde, diputatuaren agerraldi bat eskatu du. Azaldu du bere sasoian PPk N-634 errepidea desdoblatzea proposatu zuela, eta dagoeneko berandu dela. Baina, PPk bidesarien aurka argi egin izan du urtetan zehar, gaur arte.
Osoko bilkuraren amaieran plataformako Juan Carlos Poderosok hartu du hitza, eta esan du ez daudela ados onartutakoagaz. "Guk eskatzen dugunetik urrun dago. Ez ditu herritarren arazoak konpontzen". EAJ eta PSE-EE kritikatu ditu: "Hau ez da jendeagaz bat egotea".