Kartzela eta erbestea bizi izan duten 500 pertsonen 'Ametsen liburua' aurkeztuko dute

Anboto 2016ko urt. 25a, 18:20
'Ametsen liburua' lanean oinarritutako emanaldietako bat (Argazkia: Argazkipress)

Ametsen Liburua argitalpenaren koordinazio lanetan ibili den Jokin Urain (Mendaro, 1959) idazle eta preso ohiak, eta Oier Gonzalez Durangoko preso ohiak aurkeztuko dute liburu hori Durangoko Hitz Liburudendan, eguenean, urtarrilaren 28an. Liburuan parte hartu duen deportatu baten, preso baten eta errefuxiatu baten audioak emango dituzte, lanaren sorkuntza prozesuaz ariko da Urain, eta bere parte hartzeaz jardungo da Gonzalez durangarra.

Liburuko orrietako bat betetzen du Oier Gonzalezen lanak. 2009an, Liongo espetxean kartzelaratua zegoela idatzitako testu bat eta kartzelako dutxetan ezkutuan egindako argazki bat aurkeztu zituen Gonzalezek Ametsen liburua libururako.

Kartzelan zegoela irakurritako arranoaren parabolaz gogoeta egiten du testuan Gonzalezek. Kartzelan zegoela, etorkizunera begira egindako bere proiekzioa, bere kezken kontakizuna da arranoaren metaforaren bitartez egin zuena. “Bizitzen jarraitzeko, bere mokoa eta lumak erauzi behar ditu bere bizitzako fase batean arranoak, berriak jaio daitezen”, kontatu du Gonzalezek. “Kartzelak nire izaera zer punturaino eraldatuko zuen planteatu nuen testu horretan”. Liburuko autorretratuak ere islatzen duen espazio biolento horretan bizirauteko, kalean zeuzkan “luma koloretsuak” kendu beharra sentitu zuela azaldu du Oier Gonzalezek. Eta luma horiek kentzeak bere etorkizunean zelan eragingo zion galdegin ziola bere buruari.    

2011n irten zen Oier Gonzalez kartzelatik, eta orain, kartzelaurreko bere “luma koloretsuak berreskuratzeko lanetan” dabilela azaldu du: kartzelako esperientziaren traumak utzitako arrakalak kudeatzen ikasten.

Ia mila orriko lana da Ametsen liburua (960 orrikoa, zehatz esateko), eta bertan daude bilduta azken 50 urteotan espetxea edo erbestea bizi izan duten hainbat herritarren ekarpenak: 426 euskal presok, preso ohik, errefuxiatuk eta errefuxiatu ohik sortutako lanez osatuta dago Ametsen liburua. Askotariko artelanak egin dituzte liburuko parte-hartzaileek; badaude margolanak, idatziak, eskutitzak, bertsoak, zein poemak ere. Adierazteko, gustuko formatua baliatu du partaide bakoitzak.  

“500 ahotsek egindako kontakizun politiko-afektiboa da liburukoa”, azpimarratu du Oier Gonzalezek: Euskal Herriko gatazkan espetxeak utzi duen arrastoa jasotzen duen obra. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!