Beteranotasuna eta gaztetasuna, Tabirako Baquen funtzionatzen duen koktela

Anboto 2016ko urt. 20a, 11:10

Tabirako Baqueko emakumeen zein gizonen taldeak onenen artean dabiltza.

Tabirako Baqueko emakumeen taldeak Euskadiko Lehenengo Mailako bigarren itzuliari ekingo dio, zapatuan. Helburua orain arteko moduan jarraitzea da, taldea maila handian dabilelako. Igoera fasea jokatzeko eskubidea ematen duen bigarren postuan kokatuta dago, hamar garaipen eta porrot birekin. Beteranoz eta gaztez osatutako taldea da, eta belaunaldien arteko talka hori oztopo beharrean, irabazteko formula bihurtu dute: “Funtzionatzen duen koktela da”, dio Jesus de Vicente entrenatzaileak.

Belaunaldien arteko desoreka ez da ezohikoa harrobian oinarritzen diren klubetan. Baina gabezia dirudiena bertute bihurtzea “taldeagaz konprometituta” dauden jokalariei esker lortu da. Marina eta Nuria Maortua ahiztek hamarkada bat inguru daramate taldean, eta gazteetatik igotako Leire Intxausti durangarrak 18 urte ditu oraindik: “Betaranoek taldeko pisua daramate, eta gazteenak ondo eta eroso sentitu daitezen saiatzen dira. Gazteek, berriz, ikasteko eta lanerako gogo handia erakusten dute. Hortik sortzen den blokea da lortu ditugun emaitzetara eraman gaituena”.

Konpromiso hori beharrezkoa dute taldeko gabezia nagusiari aurre egiteko: altuera falta. Ezin dute errebotean agindu, eta “abantailak beste modu batzuetan ateratzen saiatu behar dugu. Kantxa osoan presionatu, eta erritmo altuan jokatu behar dugu. Aurkariak behartzen eta jaurtiketak deseroso egin ditzaten saiatzen gara”.  Momentuz, emaitza onak eman dizkie jokamolde horrek, eta punturik gutxien jaso duten taldea dira. Baina intentsitate horri denboraldi amaiera arte eusteko kapaz izango ote dira? De Vicentek baietz uste du: “Talde zabala dugu, lesioek orain arte errespetatu gaituzte, eta ez dut uste alderdi fisikoa handicap bat izan behar litzatekeenik”.

Gizonak ere sasoian
Tabirako Baqué gizonen taldea ere maila handian dabil. Hirugarren tokian daude, eta, zapatuan, 19:00etan, lehen itzuliko azken partidua jokatuko dute, Durangon, Fundacion 5+11 talde arabarraren aurka.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!