Durango Judo klubak emakumeen artean judoa sustatzeko kirol jardunaldiak burutu zituen urte amaieran. Hiru egunetan askotariko erakustaldiak eskaini zituzten 15-21 urte arteko 100 bat judolarik. Euskadiko hainbat klubekin batera, Andaluzia, Katalunia eta Madrilgoek ere parte hartu zuten. Judolari gazteek mundu mailako izarrak ezagutzeko aukera izan zuten. 80ko hamarkadan munduko txapelketa irabazitako Jane Bridge ingelesa izan zen Durangora etorri zen judolarietako bat. Estatu mailan txapeldun diren Julia Figueroa eta Almudena Gómez izan ziren beste izarretako bi. Figueroa, esaterako, seigarren tokian dago munduko rankingean eta Rioko Joko Olinpikoetan parte hartuko du. Jardunaldietan parte hartzeaz gainera, hiru kirolariek euren esperientziak kontatu zituzten Durangoko Elkartegian eskainitako hitzaldian.
Durango Judo klubak Durangoko Gazteria eta Kirol Sailaren eta Bizkaiko Judo Federazioaren laguntza izan du ekimena antolatzeko.
Julia Figueroa judolari andaluziarra (Kordoba) kimono zuriagaz.