A-8ko bidesariaren auzia

A-8ko bidesariaren kontrako plataforma sortu dute Durangon

Anboto 2016ko urt. 4a, 20:50

Durangaldeko eta Lea-Artibaiko udaletan A-8ko Durangaldeko bidesaria kentzea eskatzen duen mozioa aurkeztu gura dute. Udalek eskaera hori Bizkaiko Batzar Nagusiei helaraztea dute helburu.

"Iurretako A-8aren bidesaria diskriminatzailea eta gehiegizkoa da Durangaldean bizi garenontzat. Santurtzikoen edo Balmasedakoen baldintza berdinak gura ditugu". Berba horiekin hasi du Juan Carlos Poderoso durangarrak A-8ko bidesaria kentzea eskatzen duen plataformaren sorrerako batzarra. Bilerara Durangaldeko hainbat herritar gerturatu dira, gaur arratsaldeko 19:30ean, Durangoko Merkatu Plazan. Gaiaren inguruan duten iritzia partekatzea izan da lehenengo topaketa honen helburua. Plataformaren bultzatzaileek proposamena jarri dute mahaiaren gainean: Durangaldeko eta Lea-Artibaiko udaletan mozioa aurkeztea. Idatzi horretan udal horiei Bizkaiko Batzar Nagusiei A-8ko Durangaldeko bidesaria kentzea eskatuko diete. Horretarako autopistaren ordainsaria erregulatzen duen Foru Legea bertan behera uztea eskatu gura diete Bizkaiko Batzar Nagusiei.

Bileran, Aitor Lopez Durangaldeko Amankomunazgoko presidenteak parte hartu du. Lopezek azaldu duenez, Amankomunazgoak gai honetan eskumenik ez duen arren, prest dago proposamena lantzeko. Durangoko EH Bilduko Eider Uribe zinegotzia eta Endika Jaio Mañariko alkatea ere batzarrean izan dira.

Bestalde, Durangoko Herriaren Eskubidea alderdiko Julian Ríosek ere plataformaren lehenengo bileran parte hartu du. Ríosek A-8ko bidesaria kentzen bada, bertako langileen egoeraren inguruko ardura adierazi du. Arlo hori ere aztertu beharko litzatekeela gaineratu du.

Plataforma behin sortuta, proposamena sakonago landu gura dute. Webgunea ere laister sortuko dute.

Change.org-en ekimena

Durangaldea. Kexak eta salaketak Facebookeko komunitatearen bidez A-8ko bidesaria kentzea eskatzeko ekimena jarri dute martxan change.org webgunearen bidez. Dagoeneko 4796 sinadura batu dituzte. Lotura honetan ikus daiteke ekimena zertan den. Izan ere, 2016aren hasierarekin batera A8ko bidesaria %2,5 igo dutela eta, haserre agertu dira Durangaldeko hainbat herritar. 

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!