Bizkaia-Durango UCI taldeak Gleydimar Tapia venezuelarra fitxatu du

Anboto 2015ko abe. 29a, 16:23

Gleydimar Tapia 23 urteko txirrindulari venezuelarra da 2016rako Bizkaia-Durango UCI taldean egin duen fitxaketa. 

 

Taldea hamabost txirrindularik osatzen dute. Aurreko urteetatik berritutako Coral Casado, Elisabet Escursell, Mavi García, Paula Lanz, Lierni Lekuona eta Lourdes Oyarbide daude, eta aurten taldera batuko diren Irati Idirin, Naia Leonet, Heidi Dalton, Roos Hoogeboom, Kim Le Court, Lise Olivier, Andreina Rivera eta Olga Shekel. 

Ibilbide emankorra

Tapiaren, ezaugarri nagusienetarikoa etapa bukaeretan izaten duen potentzia dela azaldu dute taldearen arduradunek, eta momentu honetan amerikar kontinentean dagoen esprinter onenetariko bat dela gaineratu dute. 2015ean bere errepideko denboraldirik onena egin du, UCI mailako lasterketa batean, Venuezuelako Federazio Kopan,v garaipena lortuz. Gainera, bigarren eta hirugarren postuak lortu zituen 2.2 UCI mailako Costa Ricako itzulian, brontzezko domina lortu zuen Nazioko Txapelketan eta seigarren postuan sailkatu zen Mexikon jokatutako Panamerikar Txapelketetan. "Horrelako talde batean egotea abantaila izugarria da eta niretzat erronka handi bat da. Badakit desafio berri honetan oztopo asko izango ditudala baina denak gainditu ahal izatea espero dut. Bizkaia-Durangorekin lasterketan parte hartzeak beste heldutasun puntu batera eramango nau eta horrek profesionalagoa izaten eta erronka pertsonalei aurre egiten lagunduko dit", azaldu du txirrindulari venezuelarrak talde euskaldunarekin fitxatu ondoren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!