Herritarren Arretarako Zerbitzua, "hobekuntzen bidean"

Anboto 2015ko abe. 23a, 09:30

Herritarren Arretarako Zerbitzuan irisgarritasuna hobetzeko eskatuz, mozioa aurkeztu zuten atzo EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak. Ez zen aurrera irten, eta Goiztidi Díazek "hobekuntzen bidean" daudela adierazi zuen gobernu taldearen izenean.

HAZeko erakusmahaian, mahaietan zein tramiteen kutxazainean irisgarritasun arauak ez dira betetzen EH Bildu eta Herriaren Eskubidearen arabera, eta neurriak hartzea eskatu zuten udaleko osoko bilkuran. Baina, EAJk, PSE-EEk eta PPk ez zuten proposamena babestu, eta betetzen ez den hori konpontzeko lanean daudela esan zuten Pilar Ríos alkateordeak (PSE-EE) eta Goiztidi Díazek (EAJ). Gaia batzordean lantzea eskatu zuten.

HAZeko instalazioen kudeaketa egin duen teknikariak berba hartu zuen bilkuran, eta aitortu zuen hobekuntzak egin ahal direla. Ez zen beste kutxazain bat erostearen kontra agertu, eta zerbitzu hori asteburuetan ere ematearen alde egon zen. Edozelan ere, HAZek baldintzak betetzen dituela adierazi zuen, eta irisgarritasun arauak uneoro aldatzen doazela ere bai. Herritarrek zerbitzua ondo baloratzen dutela azaldu zuen teknikariak, eta Andra Maritik udaletxerakoa aldaketagaz hilean 6.000 euro aurreztu direla ere nabarmendu zuen.

LESAgaz zer egin?
Bestalde, Landako Gunea gestionatzen duen enpresaz (LESA) mozioa eraman zuen EH Bilduk. Udaleko kultura sailetik edota Astarloa kulturgintza erakunde autonomotik kudeatzea proposatu zuen koalizioak, eta Herriaren Eskubideak babestu zuen. Landako Gunea egunerokoan herritarrei zabaltzea ere eskatu zuten.

Gainerako alderdiek ez zuten ekimenagaz bat egin. Pilar Ríos alkateordeak LESA elkarte lez funtzionatzen jarraitzeko eredua defendatu zuen. Gobernu taldeak, LESA Durango Eraikitzen enpresa publikoan txertatzeko proposamena dauka, prentsan zabaldu zutenez.

Gobernu taldeak dio LESAk superabita duela, baina EH Bildu ez da iritzi berekoa.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!