Grooving Lines taldeagaz dator Dani del Valle durangarra Plateruenera

Anboto 2015ko abe. 15a, 12:30

Dani Del Valle. (Argazkia: Katxo Bitxo)

Dani del Valle (Durango, 1991) gitarristaren Grooving Lines taldea gonbidatu dute Durangoko Platerueneko abenduaren 18ko jazz musikaren emanaldia zabaltzera. Del Valle durangarragaz batera, Santiago Fernandez tronpetistak, Imanol Iribar tronboi-jotzaileak, Joanes Ederra baxu-jotzaileak, eta Martin Holand bateria-jotzaileak osatzen dute Grooving Lines taldea.


Datorren urtean amaitzea espero duen musika ikasketak egiten dabil Dani Del Valle Musikenen, eta hain zuzen ere, Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegi horretan ezagutu zituen taldekideak: “Aspalditik elkar ezagutzen dugun arren, aurten elkartu gara taldea sortzeko”, azaldu du Del Vallek.

Jazzeko abesti ezagunak zein taldekideen konposizioak uztartuko dituzte datorren barikuko Durangoko kontzertuan.

Lehenago ere aritua da Del Valle Platerueneko oholtzan. Kontatu duenez, ahal duen guztietan parte hartzen du kafe antzokiko inprobisazio saioetan. Bere ustez, horretarako “leku ezin hobea da Plateruena”.
Platerueneko Greatest Hits Gauean ere parte hartu izan du Del Vallek, eta bere beste taldeagaz, Shinovagaz, ere jo izan du antzokian. Durangon ezezik, Euskal Herritik kanpo ere kontzertu asko eskaini ditu azken aldian talde horregaz.  

Neketsua bezain aberasgarria da, musikari durangarren berbetan, Shinovarekin egin duena bezalako birak egitea: “Alde batetik, nekagarria da furgonetagaz Cadizera arte joatea, esaterako, baina, orohar, esperientzia ezin hobea da”.  2014 hasieratik dihardu Del Vallek Shinova taldean gitarrista.

Rock talde horretako bere esperientziaz galdetuta, beste edozein musika arlotan bezala, gakoa “bestea kontuan hartu eta entzutea” dela dio Del Vallek. Jazzari loturiko arloetan ezezik, Musikenen bestelako estiloetan jarduteko ere oso baliagarriak diren trebetasunak lantzen dituztela azaldu du durangarrak. Datorren barikuan, 22:00etatik aurrera, jazzean jarduteko bereziki inportantea den komunikazio hori erakutsiko dute Del Vallek eta Grooving Lines taldeko lagunek, Durangon.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!