Euskarak 365 Egun

Ipuin laburrik onenen sari banaketa ekitaldia eguaztenean izango da, Plateruenean

Anboto 2015ko abe. 15a, 11:10

Iazko irabazleetako bat, Joxe Rojas, Eñaut Aiartzaguenak egindako sormen-lana jasotzen.

Guztira 400 ipuin labur inguru batu ditu aurten #365ipuin lehiaketak. Berbaro Taldeak azaroan abiatu zuen ipuin laburren lehiaketako irabazleak eguaztenean jakingo dira, 20:00etatik aurrera Plateruena Kafe Antzokian egingo den ekitaldian. Ekitaldi zabala izango da.


Epaimahaia askotariko sormen eremuetan dabiltzan Durangaldeko hiru lagunek osatu dute: Irati Eguren ilustratzaile  durangarrak, Arkaitz Callado Itsua musikari durangarrak eta Lehior Elorriaga argazkilari zaldibartarrak. Sari banaketan ere protagonismo berezia izango dute. Bakoitzak sari bat banatuko du eta, horregaz batera, beren arloko sormen lan bat emango diote irabazleari.

Honakoak dira banatuko diren hiru sariak: 14-16 urte arteko ipuinik onenak tableta eta liburu sorta jasoko du; gainerako biek (17 urtetik gora Durangaldeko ipuinik onena eta Twitter bidezkoa) 100na euro eta liburu sortak jasoko dituzte. Liburuak Hitz, Urrike eta Arteka liburu dendek emandakoak dira.

Platerueneko sari banaketa ekitaldia irekia izango da, eta ekitaldi ostean luntxa egongo da bertaratzen diren lagun guztientzat.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!