Areto futbol torneo solidarioan batutako dirua Angelman Sindromearen elkartera bideratuko dute

Anboto 2015ko abe. 15a, 10:04

Mendibeltz klubeko, Durangoko Udaleko eta Durangaldeko Angelman Sindromea elkarteko kide eta gurasoek euren seme-alabekin atzoko prentsaurrekoan.

Mendibeltz kirol taldeak areto futbol torneo solidarioa antolatu du. Hiru egunetan garatuko da Landako kiroldegian: abenduaren 23an, 26an eta 27an.

Durangoko udalak azpiegiturekin eta garaikurrekin lagunduko dio torneoari. Iaz San Filippo gaixotasuna dutenei laguntzeko erabili zuten batutako dirua. Aurten Durangaldeko Angelman Sindromearen Elkartearentzako izango da. Estatu mailan 180 pertsonek dute Angelman Sindromea eta Bizkaian hogei inguru dira. Atzo torneoa aurkezteko udaletxean egindako prentsaurrekoan Durangaldeko bi izan ziren: urte bi dituzten Jon eta Haizea, euren gurasoekin batera. Torneotik ateratako diruaren zati bat elkartearen kudeaketara bideratuko dute eta beste zati bat ikerketara bideratuko dute. “Euskal Herriko Unibertsitatean diharduen Ugo Mayorrek Angelman Sindromea aztertzen du eta bere ikerketei lagundu gura diegu”, adierazi zuen Luisma Reyes Haizearen aitak.

Areto futbol torneoa hiru jardunalditan jokatuko dute Landako kiroldegian: abenduaren 23an, 17:00etatik 22:00etara; abenduaren 26an, 09:00etatik 22:00etara; eta abenduaren 27an, 09:00etatik 14:00etara.

Guztira 18 taldek parte hartu dezakete ekimen solidario honetan. Izen-ematea 100 euro da talde bakoitzeko. Txapelketak maila bi ditu: talde federatuak eta ez federatuak. Federatuen maila dagoeneko beteta dago Presion Break —iazko irabazleak— Sasikoa, Mendibeltz, Racing Tolosto eta Abadiñoko Gaztetxie lako taldeekin. Hauek hiruko multzo bitan banatuko dituzte. Ez federatuen mailan 12 talderentzako tokia dago eta oraindik ez daude plaza denak beteta. Interesatuek ‘Goles para el Síndrome de Angelman’ izeneko Facebook orrialdean egin dezakete izen-ematea. Hauek hiru taldeko lau multzotan banatuko dituzte.  Abenduaren 21ean, 19:00etan, talde bakoitzeko ordezkari banarekin geratuko dira Landako kiroldegian, izen-emateko dirua jaso eta multzoen zozketa egiteko.

Errifak hamaika sarigaz

Txapelketaz gainera, errifa solidarioak ere atera dituzte. Inguruko komertzio eta tabernetan daude salgai eta txapelketako egunetan Landako Kiroldegian bertan ere erosi ahalko dira euro baten truke. Hainbat komertzio eta kirolarik emandako sariak irabazi daitezke: Athleticeko Ander Iturraspe, Gorka Iraizoz, Ibai Gomez eta Xabi Etxeitaren kamisetak sinatuta (Etxeitarena jokalari denen sinaduragaz), Errealeko Asier Illarramendiren kamiseta sinatuta, Bizibike-eko patinete bat, Naranja eta Coco dendek emandako arropak, Kobika jatetxean bazkaltzeko txartel bi…

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!