Durangoko Uztai taldeak 20 urte egin ditu 2015ean. Hamarkada bi joan dira gimnasia erritmikoak Durangaldean bere tokia izan dezakeela sinestuta taldea martxan jarri zutenetik. Gaur egun, 150 bat gimnasta dituzte, eta “klaseak beteta ditugu”, Miren Barturen Uztai taldeko kidearen esanetan. Horietako asko gazte-gaztetxoak dira, 5-8 urte artekoak, eta oraindik ez dute txapelketetan parte hartzeko adinik. Horregatik, jendaurreko erakustaldiak egiteko aukera eskaintzen diete urtero. Aurtengo aldia bihar, zapatua, 11:00etan, egingo dute Landako kiroldegian. Orain arte egindako bidea luzea den arren, gutxienez beste hainbeste egiteko harrobia badutela erakutsiko dute.
Klubak adin horretan dituen 50 gimnastak ez ezik, Bizkaia osotik (Bermeo, Gernika, Bilbo, Leioa…) etorritakoak ere batuko dira: “Urtean zehar ikasten dutena erakusteko modua izaten da. Guk Bizkaiko klubak gonbidatzen ditugun moduan, batzuetan geu joaten gara kanpora. Aukera onak izaten dira herri desberdinetako gimnastek elkar ezagutu dezaten”, azaldu du Barturenek.
Denboraldi arrakastatsua
2015ean zehar, azpimarratzeko moduko emaitzak lortu ditu Uztai taldeak. Denetan bereziena, senior mailako taldeak Durangon bertan irabazi zuen Euskadiko txapelketa izan zen. Bizkaian azpitxapeldun geratu ostean, gimnastek euren onena eman zuten Euskadikoan. Junior mailako taldea, berriz, Bizkaiko txapeldun geratu da aurten.
Bakarkako txapelketetan Ane Trancho izan da gehien nabarmendu dena. 19 urteko durangarra Bizkaiko txapeldun geratu zen maila absolutuan. Zaila izango da aurtengo lorpenak 2016an errepikatzea, baina “gimnastak ilusioz eta pozik dabiltzala ikustea, hori da guretzat emaitzarik onena”.
20 urteko lanak bestelako errekonozimenduak ere jaso ditu. Esaterako, aurten, San Fausto jaietako pregoi txikia irakurri zuten Uztai taldeko gaztetxoek.