Kortazarrek eta Loizatek irabazi dute Joseba Jaka herri lasterketa

Anboto 2015ko abe. 9a, 10:42

Argazkia: Durango Kirol Taldea

Ekaitz Kortazarrek azken 200 metroetan aurreratu zuen Dabid Garcia.

Atzo Joseba Jakaren oroimenezko herri lasterketa lehiatu zuten Durangon. Gizonetan Ekaitz Kortazarrek egin zuen arinen 6 kilometroko ibilbidea. Lasterketa osoan erritmo bizia markatu zuen Dabid Garcia (Durangaldea Running) durangarrak. Ekaitz Kortazar eta, zatia batean, Julen Ozaeta izan ziren bere erritmoa jarraitzeko kapaz ziruditen bakarrak. Orozketa inguruan argi geratu zen garaipena Garcia eta Kortazarren artean zegoela. Garcia aurreratuta zihoan, baina Kortazarrek esperantzari eusteko distantzian jarraitzen zion. Azken txanpan, helmugarako 200 metro falta zirela, Kortazarrek zituenak eta ez zituenak eman zituen ezustean Garcia aurreratzeko: "Gaurko lasterketa irabaztea berezia izan da niretzako. Nire herrian, nire familiaren eta lagunen aurrean izan delako eta kalitate handiko korrikalari bat izan dudalako aurrez aurre", adierazi zuen Kortazarrek. Julen Ozaeta, David Rua eta Aitor Astorkia helmugaratu ziren bi onenen atzetik, denak Durango Kirol Taldeko korrikalariak.

Emakumeetan Mugarra Triatloi Taldeko Irene Loizatek irabazi zuen. Aurtengoa ez da izan Durangoko lasterketa irabazten duen lehenengo aldia. Irati Apraiz gernikarrak eta Garazi Sampedro atxondarrak osatu zuten podiuma.

Sari banaketan Goio Jaka eta Mari Jose Irizar —Joseba Jakaren anaia eta alarguna, hurrenez hurren— izan ziren sariak banatzeko arduradunak Gerediaga Elkarteko ordezkari batekin batera.

Lasterketa nagusiaren aurretik, Durango, Elorrio, Ondarroa eta Euskal Herriko beste hainbat tokitako gaztetxoek gazte mailetako lasterketetan parte hartu zuten.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!