50. Durangoko Azoka

Nerea Mujika: "50. urtemuga borobila izan da"

Azkenengo minutuak gelditzen zaizkio aurtengo azokari. Antolatzaileek gaur goizean azokaren balorazioa egin dute. Nerea Mujika Gerediaga Elkarteko presidenteak azaldu duenez, "50. urtemuga borobila izan da. Bisitari aldetik, salmenta aldetik, giro aldetik, egitarau aldetik, sentsazio aldetik...".  Erakustokietako arduradunak ere "pozik" agertu dira aurtengo azokarekin.

Nerea Mujika pozik agertu da azokaren balorazioa egiterakoan: "Durangoko Azoka benetan eraginkorra izan da: sortzaileen eskaintza aldetik ugaria, ekoizpenean aberatsa, egun askokoa, orekatua jendearen ibiliari dagokionez, ondo antolatua, erakargarria komunikatiboki, emozioz betea bere sortzaileak omenduz, mamitsua gogoeta arloan, eta, guztion aldetik, etorkizunari begira jarria: belaunaldi gazteei begira jarria". Ildo horretatik, Mujikak transmisioaren beharra nabarmendu du. "Durangoko Azokarentzat eta euskal kulturarentzat ezer estrategikorik badago, hori belaunaldi berrietako euskaldunak zaletasunaren, sorkuntzaren eta eragiletzaren ardatzean ipintzea da; parte hartu, parte izan eta parte eman dezaten. Zale berriak, sortzaile berriak eta eragile berriak behar ditugu". Azokaren beharrizanei buruz ere berba egin du Gerediagako presidenteak. "Azken batean, helburua betikoa da: euskal kultura geroratzea.Eta betiko hiru hankak behar ditugu bide hori egiteko: herri-ekimena eta borondatezko lana; sortzaileak eta industria; eta herri-erakundeak eta alderdiak".

Azoka zenbakitan 

120.000 bisita jaso ditu Landako Guneak egun baten faltan, 30.000 bisitari webgunean, 250 ekitaldi, 350 nobedade, 190 sinadura... eta kopuru garrantzitsu bat: Azokako deialdiari erantzunez, 72 boluntario izan dituzte boluntariotza programan parte hartzen. 

 

Guneen balorazioa

Azoka osatzen duten guneen inguruan ondorengo balorazioa egin dute antolatzaileek:

 

AZOKA TB

Azoka TBn, aurtengo elkarlanari esker, Landakogunean egon den platotik zuzenean ekoiztutako tarteak gehitu egin dira. Horrek bizitasuna eman dio Azoka TBri, eta plato formatua egonkortu egin da. Elkarlanaren bidea jarraituko da, beraz, datorren urtera begira. Goiena (Tokikom), Eitb, Hamaika TB, Kanaldude eta Berria.

Gazteei zuzendutako saioek izan duten erantzuna azpimarratzekoa da: bai bideoklip eta musikarien elkarrizketak, eta youtuber gazteekin egindako saioa.

KABI@

Kabi@ri dagokionez, programazioak eta espazio aldaketak izan dira gunearen aurtengo arrakastaren faktoreak. 

Kabi@ hartu duen domo geodesikoak ikusgarritasuna eman dio guneari eta, aldi berean, Azokaren erdigunean kokatu du.

Programazioari dagokionez, kultura digitalarekin lotuta dauden komunitate ezberdinen erakusleiho izan da. Horrek eragile ezberdinen arteko hartuemanak sortzeko balio izan du. Bideojoko zaleak, wikilariak eta irrati libreetakoak batu dira, besteak beste. Arratsaldetan izan diren proiektuen aurkezpenetan, maila landu eta altuko proiektuak izan dira. Sortzaile ezezagunak deskubritzeko balio izan du.

SAGUGANBARA

Saguganbaren, haur eta gazteak gurasoekin batera biltzen dituen gunean, programatutako ekitaldi guztiak bete egin dira, eta antolatu izan diren tailer batzuetarako izena ematea ere jarri behar izan dute. Gainera, egitarauan izan den aniztasuna azpimarratzekoa izan da. Tailer eta ipuin kontakizunetatik harago, bertso kontaketak, antzerkia edota ume kantuak izan direlako

Umeak egoteko leku bat baino, familian, guraso eta seme-alabek elkarregaz parte hartzeko gune bat bezala ikusten dute gero eta gehiagok. Berrikuntza moduran jarritako bi osagarriek, kanpoko photocall-ak eta umeen kotxeak aparkatzeko lekuak harrena ona izan dute.

ARETO NAGUSIA

Areto Nagusian bigarren urtez kokalekua izan duen Gogoetaren Plazak ere harrera ona izan du. Aurten Jakinekin lankidetzan egin dira solasaldiak. “Biharkoak gaur” izenburupean eritzi eta hausnarketa mamitsuak izan dira aurten ere. Helburuetako bat eztabaidari lekua egin eta adar berriak zabaltzea izanik, besteak beste, gazteek kultura berrituz gizartea eraldatzeko gogoeta plazaratu da. Gogoeta saioak Hamaika TBk grabatu ditu eta bai euren telebistan zein Azokaren youtube sarean ikusgai izango dira.

AHOTSENEA

Ahotsenean, musika emanaldiei dagokionez, proposamen ezberdinak izan ditugu, rock eta pop doinuak entzun dira taula gainean, eta baita trikitixa eta doinu instrumentalak edo Karibeko melodiak euskaraz. Solasaldien gunean ere askotarikoak izan dira proposamenak edukiz zein formatuz. Ikuskizunak izan ditugu bertan, performanceak, irakurketa dramatizatuak edota kontzertu akustikoak. 

Askotariko aukera hori biziki eskertu du publikoak, bereziki, talde eta sortzaile berriak deskubritzeko orduan. Solasaldien gunean esan, gainera, asko antzeman dela leku aldaketa. Izan ere, Landako barrura mugituta, bertan egondako jardueren harrera, askoz ere beroagoa izan da eta ia eguneko momentu guztietan bete da aretoa.

IRUDIENEA

Irudienean ere jendeak erantzun du. Eta bereziki gustura gaude, aurten, gogoetari eta eztabaidari tarte zabala eskaini diogulako programazioan, eta oso interesgarriak izan direlako bertan landu diren gaiak. Horrez gain, gazteei lotutako programazioak izan duen leku garrantzitsua ere nabarmendu nahiko genuke. Gazteen parte hartzea aktiboa izan da, gainera, euren ekoizpenak ekarri dituztelako Azokara eta Irudienearen parte garrantzitsu bihurtu direlako. 

SZENATOKIA

Szenatokian ere harrera ona izan da. Esaterako, antzerki maratoian, oso giro polita sortu da sortzaile eta publikoaren artean. “Kafie eta berba” ekimenean, berriz, antzerki eskolan egindako azterketa, mamitsua izan da. Eskutitzak antzezlana ikustera ere gerturatu da publikoa. Gogoratu nahiko nuke, bestalde, oraindik egun oso bat geratzen zaigula aurretik eta Szenatokiaren apustu sendo bat daukagula gaur: “Zirko Anabasa”, Euskal Herriko egiten den zirkoaren laginekin osaturiko ikuskizuna.

PLATERUENA

Plateruenan ere egun guztian zehar jendea ibili da, batez ere gaina jo duelarik eguerdi eta gauetan. Aurten, publiko ezberdinetara zuzendutako kontzertuak programatzen saiatu gara, ohikoan hurbiltzen ez diren pertsonak erakartzeko eta egitarau horrek harrera ona izan du ikusleagoaren artean. Nabarmentzekoa da, horien artean, Esne Beltzaren disko berriaren aurkezpen kontzertuan sarrera guztiak amaitu zirela.

Gune guztien programazioa dagokionez, egitaraua aurrez begiratuta gero eta gehiago dator.

 Ohar bat amaitzeko, 250 ekitaldiko eskaintzari esker, egitarau oso bati begira datorrela bisitaria azpimarratu nahi dugu. Kulturzalea, beraz, Azokak eskaintzen dion kultur ibilbidea barneratzen doala esan dezakegu.

 

 

Durangaldeko albiste garrantzitsuak edo azken ordukoak whatsapp bitartez jaso gura dituzu? Bidali ALTA 688 635 041 telefono zenbakira.