San Agustin lepo bete da emanaldia jarraitzeko. Karrikak lan berezia plazaratu du, eta ostean argizaiolak eman dizkiete bizi diren zortzi sortzaileei. M. Rosario Astola, Jesus Astigarraga, Koldo Alzibar, Leopoldo Zugaza, Carmen Miranda eta Arrate Salazar bertaratu dira, eta Maria Concepcion Astolak eta Jose Luis Lizundiak ezin izan dute egon; euren senideek hartu dute saria. Lizundiak grabazio bat bidali du eta eskerrak eman dizkio elkarteari. Sorrerako sasoiak gogoratu ditu, eta "Gerediaga elkartea Durangoko Azoka baino askoz gehiago" dela aldarrikatu du. Gogoratu du, adibidez, Gerediaga izan zela herri eta auzoetako jaiak bultzatu zituena, baita euskal kulturako espresio ugari ere. Maria Rosario Astolak berba hartu du, bere ahizparen eskerrak helarazteko eta bere mezua zabaltzeko; euskara mimatzeko deia egin die gaur egungo guraso eta aiton-amonei, "gal ez dadin".
Frankismo sasoian jaio zen Gerediaga, eta zailtasunen aurrean egindako lana goraipatu du Nerea Mujika elkarteko presidenteak: "Argizaiola zuentzat, sasoi ilunetan argi izan zinetelako".