50. Durangoko Azoka

"Bartzelonako Euskal Etxean topikoak hautsi gura izan ditugu"

Anboto 2015ko abe. 6a, 10:00

Diasporako kide moduan Bartzelonako Euskal Etxea gonbidatu dute lehenengo aldiz Durangoko Azokara. Ekaitz Garate Mujika  (Ordizia, 1977) kultur teknikaria euskal etxe horretako standean izango da, martxan dituzten proiektuak azaltzeko.

Azokara gonbidatu zaituztete. Zer antolatuko duzue?
Kontutan izanda salmentarako guk ez dugula ezer, pentsatu genuen azaldu genezakeela guk zer lan egiten dugun Euskal Etxean. Plataforma eta erakusleiho izatea da asmoa. Aldi berean, Bartzelonan zer edo zer sortzen bada, gurekin kontatu dezaketela azaldu gura dugu. Hitzaldi edo aurkezpen bat egitea gura duenak espazioa topatu dezake Euskal Etxean. Era berean, eskuragarri ipiniko ditugu gure kartelak eta egitaraua.

Irudia asko lantzen duzue.
Bai, Bartzelonan nabarmentzea zaila da; beraz, gure mezuek eta irudiek bat egitea gura izaten dugu. Horretarako Igotz Ziarretaren lana oso garrantzitsua da guretzat. Topikoak hautsi gura izaten ditugu.

Zelan egiten da hori?
Harri-jasotzaileak, txapela eta trikitixa topikoak izan daitezke. Guk harri-jasotzailea, txapela eta trikitixa erabiltzen ditugu harrotasunez, baina saiatzen gara, esaterako, baserritar bat DJ lanetan jartzen. Irudi hori ere landuko dugu azokan. Gure irudia oso anitza dela ezagutzera eman gura dugu.

Noiz etorri zara azkenengoz Durangoko Azokara?
Bartzelonan bizi naizenetik ez naiz joan. Euskal Etxean sarritan esan dugu lan kontuengatik joan beharko genukeela, programazioa lotzeko asko begiratzen dugulako zer mugitzen den. Lankideren bat beti joaten da, baina ni ez naiz joan, beraz, pozgarria izango da bueltatzea.  

Ordiziar batek zelan amaitu du Bartzelonan?
Bartzelonara 2002an etorri nintzen, baina Euskal Etxean 2007an hasi nintzen.  

Zelan hasi zinen Euskal Etxean lanean?
Bi urtez Lizarrako AEKn egon nintzen lanean. Bartzelonara bueltatzean, Euskal Etxeak irakasle eta kultur teknikari izango zen pertsona bat behar zuen. Beraz, hementxe hasi nintzen lanean.

Sasoi hartan Bartzelonako Euskal Etxeak dinamika berria jarri zuen martxan.
2006-2007an norabide berria hartu zuen. Orain garena bihurtzeko asmoa sasoi hartan hasi zen sendotzen.

Bartzelonako Euskal Etxeak zertan dihardu?
Erreferente ugari ditugu. Euskal Herrira begira, kafe antzokiak edo Astra eta Bonberenea, esate baterako, bakoitzak bere izaera propioa duen arren. Euskal Herria Sona amaitu dugu aurreko asteburuan Anarirekin, eta otsaileko zinemaldia prestatzen hasi  gara. Zinemaldiko kartela azokan aurkeztuko dugu. Zikloen bitartez  kultur disziplina ugari lantzea da asmoa. Momentu hontan urte osoko programa nahiko finkatua dugu. Literaturari, zinemari eta musikari eskainitako jaialdiak ditugu. Era berean, urte osoan saiatzen gara bestelako disziplenei lekua egiten. Mendia, memoria historikoa, gastronomia...

Katalunia une berezia bizitzen ari da.
Batzuk ados egongo dira eta beste batzuk ez, baina ikusten da gehiengo zabal bat erabakitzeko eskubidearen alde dagoela, independentista izan ala ez. Mugimenduan dagoen herri bat dela ikusten da. Gainera, euskaldunak izanda, arreta bereziz bizi dugu gertatzen ari den guztia.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!