50. Durangoko Azoka

Euskarazko obren 'trailerrak', ikusleen artean irrika pizteko

Anboto 2015ko abe. 6a, 10:00

'Itsasoari negar' antzezlaneko une bat.

Gaur, domeka, euskarazko zortzi antzezlanen lagin edo zati laburrak ikusteko aukera egongo da San Agustin kulturgunean. Filmetako trailerretan lez, sortzaileak ikusleen irrika pizten saiatuko dira asko jota 15 minutu iraungo duten emanaldiekin. Antzezlaneko obra zatia edo moldaketa bat izan daiteke. Szenatokiko Antzerki Maratoiak Euskal Herriko antzerkiaren erakusleiho izatea du helburu.


Eguerdiko 12:00etan izango da lehen emanaldia: Bohemioen kluba. Bigarren mundu gerraren ostean, Parisen girotuta dago antzezlana. Ostean, Itsasoari negar lanak itsasoa benetan ezagutzea amesten duen neskatxa baten istorioa kontatuko du. Gai mundutarragoa dakar Ekoetikopatetikobikoa obrak: alokairu-kontratuaren berritzea eztabaidagai bihurtuko da pisukide birentzat. Goizeko txanda Bertsolaritzaren sekretuak, isilduriko emakumeen historia emanaldiak itxiko du. Bertan, historiak sekretuan gorde dituen emakume bertsolarien oroimena berreskuratuko dute, euren bizitzako egoerak gogoratuta, eta narrazio, bertso eta musikak lagunduta.

Eltxoak lanari buruzkoa da arratsaldeko lehen saioa, 18.00etan. Protagonista konturatuko da eltxoak ez direla odola xurgatzen dioten bakarrak, eta egoera horri aurre egiteko superheroi bihurtuko da. Tren geltokia lanean oso bereziak eta ezberdinak diren hiru pertsonaiaren arteko gorabeherak kontatuko dituzte. Sei ispiluk norbere mamuen eta mugen gainean hausnartzen du, eta haiei aurre egin beharraz dihardu. Maratoia amaitzeko, umorez eta musikaz osatutako aurrerapena eskainiko dute Putinen Guardasola laneko egileek.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!