Liburu hau, “begirada bihurri” lez aurkeztu duzu.
Gaur egun kokatuta dago, eta gertatzen dabiltzan hainbat gauzari begirada kritiko bat egiten dio. Mikel izena daukan mutil bat idazle zapuztua da, eta euskal kulturagaz lotutako hainbat erakunderen kontrako gurutzada baten hasten da. Gaur egun kultura nola kudeatzen den, agintariek zelan kudeatzen duten, herritarrek kulturarekiko duten jarrera... Ustelkeria ere kritikatzen da liburuan.
Ez da politikoki zuzena, ezta?
Ez. Atentatuak egiten hasten da Gerediaga Elkartearen edota Iraleren aurka, eta Topagunea edota Etxepare institutua mehatxatzen ditu. Ez da politikoki zuzena, eta hor esaten diren astakeria asko ez ditut neure egiten. Baina pertsonaia nagusia justifikatzeko modu bat da. Mundu hori seduzitu gura du, baina izkin egiten dio. Idazle baztertu bat da eta mundu horren kontra egiten du. Baina modu nahiko jostarian idatzita dagoela iruditzen zait.
Frustaziotik idatzita dago?
Trama nagusi horren inguruan, nire betiko obsesio asko lantzen dira. Ospea bilatu gura izatea, bakardadeari eta heriotzari beldurra... Hainbat jendek esan du liburu hau galtzailez betetakoa dela, baina ni ez nator oso bat. Egia da pertsonaia guztiak muturrera eramanda daudela, baina frustazio horiek, maila baten, denok dauzkagula uste dut. Gabezia existentzial bat daukate pertsonaia guztiek.
Kultur ereduaren inguruan, apatia aipatzen duzu.
Jendeak gaur egun ez dauka kulturarekiko ezelako kuriositaterik. Gizartea bere baitan kiribilduta dagoela iruditzen zait, eta apatia horrek ez dauka ezer onik. Horri agintariek daukaten kultura sustatzeko eredua batu behar zaio. Tabakalerak, Guggenheimak... hemengo ereduan itzelezko eraikinak daude, aisialdirako eskaintza moduan. Barrutik hutsik daude, baina inork ez daki zelan bete. Ez da sustatzen kultura bere modu naturalean; sortzaileei sortzeko bidea eta lekuak eman, diru-laguntza edo bekak... Okerrena da beharrik ere ez dela ikusten. Zergatik? Agintariek kultura zerbait turistikoa lez ikusten dutelako. Teleberrietan ekaineko BBK Livera zein talde datozen iragartzen hasi dira. Ondorioa da 15.000 lagun doazela, eta bestelako edozein kontzertutara hamabost. Erdibidekoa desagertzen dabil.
Eztabaidak eta kritikak zabaltzea beharrezkoa dela uste duzu?
Nik uste badabilela, baina mikromundu baten. Kulturan, esparru guztietako sortzaile eta kontsumitzaileak berberak dira gutxi gorabehera. Kezka badago, baina mundu horretan; ez da kanpora irteten.
Gaur egun, ordea, kultur eskaintza ugaria da, eta bideak ere bai.
Gizarte konplikatua da hau, zarata asko dago. Internet bera da zarata. Inoiz baino informazio gehiago dago, baina ez dakit ez gaituen lurperatzen. Harategi batera sartu, eta aukeran solomo bakarra badaukazu, hura erosi eta listo. Merkataritza-gune batera joan eta 50.000 solomo desberdin ikusiz gero, hor sortzen dira dudak.
Bestalde, aurten, ‘Demencia’ izeneko liburua ere argitaratu duzu, gazteleraz.
Orain dela sei-zazpi urteko liburua da. Tontoka hasi nintzen idazten. Amaitzerakoan, inguruan jaso nuen inpresioa zera zen: jendeak lehen mailan ipintzen du gaztelerazko literatura, eta bigarrenean euskarazkoa. Esaten zidaten gazteleraz zaila izango zela publikatzea, euskaraz edozeinek publikatzen dizula. Baina ez da egia; zorroztasun berdina dago. Nobela da Demencia, eta zoro baten bizipenak kontatzen ditu. Gran Hermano moduko telesaio baten sartzen da, baina bertako pertsonak protagonistaren buruan baino ez dira existitzen. Arazo existentzialek gain egindako pertsona zoro baten inguruko nobela zoro bat da.
Sarri idazten al duzu?
Ez. Noski, nik afizioz idazten dut, ez ofizioz. Denbora daukadanean idazten dut, baina oso obsesiboa naiz. Adibidez, Karanbola toxikoak hiru hiletan idatzita dago. Gainera, denbora gehiago eskainiz gero, errealitatetik irteteko arriskua daukat. Eguneko 24 orduak ematen dizkiot idazteko lanari. Igeri egiteko zaletasuna daukat, eta igerilekura bertara libreta eta boligrafoagaz sartu izan naiz. Uretan bueltaka nabilela, ideia bat otu, busti-busti eginda irten, apuntatu eta berriro uretara.