Frankismoaren homogeneotasunetik eta inposiziotik ihesi, Durangaldeko andra-gizon talde batek euskara oinarri zuen proiektu bat bultzatzeari ekin zion duela 50 urte. 1964ko Elkarteen lege berriarekin Asociación Guerediaga de Amigos de la Merindad de Durango izenarekin sortu zuten. Hamabi Harrien Ahotsa liburuan elkarteak azaltzen duenez, hasierako estatutuetan eskualdearen aztarna historikoak berreskuratzea eta kultur ondarea bultzatzea ziren Gerediaga Elkartearen sorrerako helburuak.
Elkartea martxan jarri zuten ekintzaile haiek dira, hain zuzen, aurten 50 urte beteko dituen Durangoko Azokan Argizaiola omenaldi saria jasoko dutenak. Eskualdeko herrietako hainbat euskaltzalek proiektuarekin bat egin zuten. Esaterako, Gerediagaren lehenengo asanbladan Jose Luis Lizundia (Abadiño), Juan Berriozabalgoitia (Garai), Balendin Lasuen (Zaldibar), Jesús García Ariño (Atxondo), Rafaela Ajuria (Izurtza), Bixente Kapanaga (Iurreta), Concepción eta Rosario Astola, Arrate Salazar, Leopoldo Zugaza, Salvador Solaegui eta Jesus Astigarraga durangarrekin batera bildu ziren.
Erregimena zelatan
Elkartearen jarduera batzuk susmagarriak ziren erregimeneko agintarientzat, eta Gerediagako kideek hainbat oztopori aurre egin behar izan zioten. Hala ere “aliatu” berezi bat izan zuten. TALGO trenaren tabernan, Iñaki Aizpurua Gerediagakideak Manuel Fraga Iribarne sasoi hartako Informazio eta Turismo ministroa aurkitu zuen. Aizpuruak egoera hura baliatu zuen Fragari elkarteak zituen oztopoak azaltzeko. Horrela, Fraga 1967ko II. Liburu eta Disko Azokara joatera gonbidatu zuen. Francoren erregimeneko ministroaren erantzuna ere jaso zuten. Gutun horretan Gerediagari bide instituzionala errazteko konpromisoa adierazi zion.
Gerediagaren sortzaileek argi zuten eskualdeko mugetatik kanpo oihartzuna izango zuen ekimena martxan jarri gura zutela. Asmo horretatik sortu zuten orain 50 urte Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka. Andra Mariko elizpean egin zituzten lehenengo azokak, eta ondoren Merkatu Plazara lekualdatu zuten. Han egin ostean, Landakon jarritako karpek hartu zuten azoka. Orain urte batzuk Landako Gunea eraiki eta azokak kokapen finkoa izatea lortu du. Horrekin batera, azken urteetan, azoka liburu eta diskoen saltoki izateaz gainera, guneen azoka izatera pasatu da. Salmenta postu eta erakusleiho izatetik, kulturaz zuzenean gozatu eta hausnartzeko topagune izatera pasa da.
Argizaiola berezia
Azokak bost hamarkada bete dituela ospatzeko, Argizaiola ekitaldi berezia proposatu dute aurten. Gaur, abenduaren 4an, arratsaldeko 19:00etan, Gerediagaren sortzaileei Argizaiola saria emateaz gainera, aitortza berezia egingo diete.
Ekitaldian Karrika antzerki taldeak berrogei minutuko antzezpenean Gerediagaren sorrerako lehenengo 10 urteak islatuko ditu; hau da, sorreratik trantsiziora arte (1965-1975). Jose Martin Urrutia Txotxe Karrikako zuzendariak azaldu duenez, “saiatuko gara sasoi hartako espiritu hura islatzen. Inmersio psikologiko-historiko bat izango da. Momentu hartan kasualitateek, ideiek eta inpultsoek Gerediaga zertara eraman zuten azaltzea da asmoa”.
Antzezlanaren gidoia Txotxek berak idatzi du. Horretarako Gerediagak bere historiaren inguruan idatzitako liburutik abiatu da. Eneko Sagardoy antzezleraen laguntza ere izan du. Karakterizaziorako sasoi hartako arropak eskatu dituzte sare sozialen bidez. Azaldu dutenez, jantziak era sinboliko baten erabiltzen saiatuko dira.