50. Durangoko Azoka

Ahotsenean, liburuen pasarteak irakurriko dituzte solasaldien gunean

Anboto 2015ko abe. 4a, 10:53

Elorrioko HAN taldea da Ahotsenean ikusi ahalko den 70 taldeetako bat (astelehenean, 17:20an)

Ahotseneak 2015eko diskoen eta liburuen aurkezpenak hartuko ditu urtero legez. Zuzenekoen karpan 70 musikarik eta musika-taldek aurkeztuko dute beren lana kontzertuen bidez. Solasaldien gunean, berriz, 50 sortzaile inguruk —idazleak batez ere, baina baita musikariak ere— parte hartuko dute hainbat formatutan: solasaldia, mahaingurua, ikuskizuna, emanaldi akustikoa…


Aurten solasaldien guneak nobedade bat dauka. Horrela gura duten idazleek atril bat izango dute ondoan, solasaldia hasi baino lehen eta amaitu aurretik, aurkezten duten liburuaren pasarteak irakurtzeko: “Gero eta gehiago dira formatu hibridoak egitera animatzen direnak. Testuak irakurrita, solasaldiei beste freskotasun bat eman dakiekela uste dugu. Ahotsenera batzen den ikus-entzuleak ez du liburua ezagutzen, eta hari buruzko azalpenez gainera liburu horretako testuren bat ere helarazten bazaio, aurkezpen beteagoak izan daitezkeela uste dugu”, dio Ahotseneako koordinatzaile Lutxo Egiak.

Gainera, Azokako hiru egunetan, irakurketa horiek LeKord taldeko lagunek gauzatuko dituzte. Ane Artetxe arpa-joleak lagunduta, Amaia Irazabalek eta Amaia Ruizek testuen irakurketa dramatizatuak egingo dituzte zapatuan, domekan eta astelehenean. Gainerako egun bietan ere atrila hantxe egongo da, gura duten sortzaileen eskura.

Ikuskizun musiko-literarioa
Ahotseneak ere bat egin gura du Durango Azokaren 50. urteurrenagaz, eta hori ospatzeko ekitaldi bat antolatu dute. Horrela, martitzenean, Azokaren azken egunean, LeKord taldeak musika eta literatura uztartzen dituen ikuskizuna eskainiko du Ahotsenean 17.30etik 18.30 ingurura.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!