50. Durangoko Azoka

Txiki eta handien elkargune izan gura duen plaza: Saguganbara

Anboto 2015ko abe. 4a, 10:48

Saguganbara. Magiaz eta irudimenez betetako txokoa, guraso eta seme-alabek hizkuntzarekin jolasteko plaza, bizi-bizi dator aurten ere. Sorkuntza tailerrak, ipuin-kontalariak, musika emanaldiak... Askotariko ekintzekin gozatzeko aukera izango dute etxeko txikiek. Baita nagusiek ere. Izan ere, Durangoko Azokak 50 urte bete dituen honetan berezko garrantzia hartuko du transmisioak bertan.


Berbaro euskara elkarteko Itsaso Gangoitiaren berbetan, “jolasteko bakarrik ez, umeek era aktiboan ikasteko gunea ere bada Saguganbara, eta, horretarako oso garrantzitsua da ume zein helduen parte hartzea”. Azken urteetako bideari eutsita, txikienentzako azken sorkuntzak aurkezteko aterpe izango da Saguganbara. Tartean, haurliteraturaretoa.eus webgunea ere aurkeztuko du Berbaro elkarteak.

Aurten izango diren tailerretan, berriz, genero ikuspegia landuko dute. Horrela azaldu du Gangoitiak. Ipuin zaharrak ipuin berri izenburupean, Haur Literatur Aretoan landutakoak ekarriko dituzte txikienen plazara: “Hezkidetza ikuspegitik moldatuko ditugu garai bateko ipuinak, eta, arlo horretan aditu direnen laguntza izango dugu horretarako”, gaineratu du Berbaroko kideak.

Gazteei bidea emanez
Horrez gain, ipuin kontalari gazteei eskainiko die lekua Saguganbarak, aurten. Miren Erdoiza durangarra edota Joana Oregi gernikarra arituko dira, Pello Añorga edo Antton Cazabonekin batera. Pako Aristi eta Miren Uribelarrea ere hurbilduko dira bertora. Baita Pirritx Porrotx eta Marimots ere.

Irakurmena eta txakurrak
Berrikuntzen artean, Irakurmen txakurra deritzon jarduera  ere aurkeztuko dute ume txiki eta handien gune den honetan. Txakurren bitartez irakurmena sustatzea helburu duen ekimen horren bultzatzaileak dira Gukan taldeko Naroa Ibarretxe eta Ibai Fernandez. Lukas eta Duah txakurrak izango dira eurokin abenduaren 7an eskainiko duten emanaldian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!