50. Durangoko Azoka

Kabi@, oraindik garatzeko "aukera piloa" duen erakusleiho digitala

Anboto 2015ko abe. 4a, 10:32

Azken urteetan izandako nahia egia bihurtu dute: Kabi@k leku berria du aurten, Durangoko Azokan; kabia itxurakoa. Landako Gunetik kanpo egongo den domo baten izango du tokia kultura digitalaren topalekuak;  hala ere, sarbidea izango du Landako Gunetik bertatik. Horixe du nobedade nagusia, aurten, Kabi@  guneak.

“Deigarria den zerbait, esperimentala, egitea izan da helburua. Kabi@ gunea ere bada apur bat esperimentala, eta espazio berri hau esperimentu bat ere bada”. Horrela azaldu du Kabi@ko arduradun Gorka Juliok. Guneari ikusgarritasun handiagoa emango diola uste du berak: “Hala ere, ikusteko dago nola doan dena, zelako harrera duen”.

Bisitariak erakarri guran
Kabi@ra bisitari gehiago hurbiltzea gura lukete bertako arduradunek. “Horretara dator aurten izango dugun espazio berri hau ere. Kabi@ garatzeko aukera piloa duen gunea delakoan gaude. Izan ere, produktu digitalak gero eta gehiago dira, eta izango dira”, gogoratu gura izan du Juliok.  Kabi@k garapena izango duenaren uste osoa dauka berak.

Mundu digitalagaz lotutako talde eragile “piloa” dagoela ikusi dute Kabi@ko arduradunek eta lekua eskaini gura diote kultura digitalaren erakusleiho ere baden Durangoko Azokan. Juliok gaineratu duenez ,“komunitate euskaldun oso aktiboa dago momentu hontan sarean, eta, horiei esker, euskara oso ondo kokatuta dago bertan”.

Komunitateei lekua emanez
Kabi@k komunitateei eman gura die tokia orohar, Juliok nabarmendu duenez. Jarduerak garatzeko aukera izan dezaten tailerrak antolatuko dira goizetan, “euskal komunitateei beraien proposamenak txertatzeko aukera emateko”. Besteak  beste, Code.org plataformararen hastapenei eta irrati teknologiei buruzko tailerrak antolatu dituzte; baita bideo-jokoen euskal komunitatearen topaketa eta wikilari euskaldunen bilkura irekia ere. Arratsaldetan, berriz, espazio irekia sortuko da, bisitariak hurbildu daitezen. “Errobotika eskola, bideo-jokoak euskaraz, txalaparta digitala...gauza interesgarriak ezagutzeko aukera eskainiko zaie bisitariei”, argitu du.

Hitzaldiekin bukatuko dituzte Kabi@n gaika antolatutako egunak: Gazteak, Jokoak, Sortzaileak, Komunikazioa eta Komunitateak.

Espazio irekia izan guran
“Kabi@k ez du espazio itxi edo mugatua izan gura, eta ez du izan behar”, halaxe nabarmendu du Juliok. Bere berbetan, “egunero erabiltzen ditugu teknologiak eta datozen egunotan jorratuko diren gaiak oso interesgarriak izango dira. Arratsaldeko hitzaldiak oso dibulgatzaileak eta interesgarriak izango dira”. Horien artean daude abenduaren 5ean eta 6an, hurrenez hurren, eskainiko dituzte hitzaldi biak: Mitzuli: euskara sakelekoan eta H28 hilabetekari satiriko digitala.

Hedabideen etorkizunari buruz antolatutako mahaingurua ere nabarmendu du Juliok. Abenduaren 7an izango da eta bertan jardungo dute Gaztezulo, Mugikaria, Argia, Berria eta Ahotsa.info-ko ordezkariak.
Duela hiru urte hasi zituzten Tabu hitzaldiek ere harrera ona izaten dute. Joku moduan planteatzen dira, eta, Informazio eta Komunikazio Teknologiei (IKT) buruz aritzeko 20 minutuko tarteak eskaintzen dira. “Euskara hitza erabiltzea debekatuta dagoenez, proiektuari berari ematen zaio garrantzia, eta ez soilik euskaraz izateari”, dio Juliok.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!