Zein izan da lan honen abiapuntua?
Asun Elorriaga: 50. urteurrena betetzera gindoazela, data hori mugarria dela, eta Azokaren historia batu egin behar genuela ohartzea izan zen abiapuntua. Orain urtebete baino gehiago izan zen hori. Erabaki genuen Azokaren historia idatziko genuela, baina horri testuinguru bat ere eman nahi geniola. Lana pertsona bik egingo zutela ere adostu genuen, eta egileak Durangaldekoak izan behar zirela.
Joseba Sarrionandia, Txelu Angoitia eta Jesus Mari Arruabarrena izan dira egileak.
A. E.: Bai. Azokaren testuinguruari buruz idaztea Joseba Sarrionandia idazleari proposatu genion, eta Azokaren historiaren partearen ardura hartzea Jesus Mari Arruabarrenari. Koordinazio lana Txelu Angoitiak egin du, eta berau arduratu da liburuaren alde bisualaz ere.
Zaila izan da hainbeste eskuren lana koordinatzea?
Txelu Angoitia: Jende asko egon da inguruan, eta nire ardura handiena izan da zelan lotu parte guzti horiek eta batasuna lortu idazle bik idatzitakoagaz, eranskinagaz, eta liburuan dauden hainbeste irudigaz. Gauza asko adosteko beharra egon da; izan ere, konpromiso handia hartu dugu liburu honekin, eta denok nahi izan dugu puntu-puntuan utzi.
Ohorea izan da data mugarri horren testigantza izango den liburuan parte hartzea?
A.E.: Horri lotuta, proposamena egin genionean, Josebak esan zuena aipatu nezake: “Egin behar dudan gogoeta da, eta egin gura dudana”, esan zuen. Gustoz hartu zuen proposamena, izan ere, 50 urte hauen historia era pertsonalean lantzeko beharrizana ere sentitzen zuen.
T. A.: Ilusio handiagaz hartu genuen denok proposamena. Gerediagak aurten hainbat liburu kaleratu dituen arren, denoi iruditu zaigu hau gauza berezia zela. Durangotik haratago zabalduko den lana da.
Zer azpimarratuko zenukete Sarrionandiak idatzitakotik?
A.E.: Berak esana da dena pentsatzen duen bezala idatzi duela. Ez dagoela inolako zentsurarik. Oso interesgarria da Sarrionandiak zer pentsatzen duen jakitea, izan ere, autonomia berezi bategaz jardun izan da beti.
Sarrirenaz gainera, beste hamar lagunen inpresioak ere jaso dituzue libururako, ezta?
Jesus Mari Arruabarrena: Batez ere, Gerediaga Elkartearen presidente izan direnekin izan ditut solasaldiak; Jose Ignazio Alberdi, Balendin Lasuen, Nerea Mujika edo Anton Mari Aldekoa-Otaloragaz, esaterako. Baita Azokaren zuzendari izan diren hainbat lagunekin ere: Jon Irazabalekin, esaterako. Kargurik bete ez arren, Azokaren historian pisua izan duten beste pertsona batzuekin ere jardun naiz hizketan; Leopoldo Zugaza, Lazaro Milikua, edo Jose Luis Lizundiagaz, kasurako.
Liburuan zer formatan dago emanda elkarrizketetakoa?
J.M.A.: Kontakizun nahiko kronologikoa egiten dut: sasoika ordenatua. Nerea Mujikarena elkarrizketa formatu ortodoxoagoan dago jasota, eta besteak testu jarrai moduan daude idatzita.
Zer inpresio jaso duzu jende guzti horregaz egon eta gero?
J.M.A.: Hainbat elkarrizketatuk kontatzen dutenaren arabera, Durangoko Azokaren historia etengabeko borroka bat izan dela, arlo guztietan: Leopoldok kontatzen du, hasiera-hasieran, liburugintza arloko jendeagaz harremana egiten hasi zenean, esaten ziotela horrek ez zeukala inorentzat interesik. Elkartearen barruan Azoka egitea proposatu zuenean ere, hainbatek hori esaten omen zuten. Hurrengo hamarkadetan ere, oso momentu gogorrak bizi izan zituzten Azokaren bultzatzaileek: alderdi politikoekin, bateko eta besteko gobernuekin, etab. arazo askori egin behar izan zioten aurre.
Historia horren ostean, lortu da adostasun bat Azokaren garrantziari dagokiona?
J.M.A.: Bai, baina kontuan hartzekoa da 80ko hamarkadatik hona egoera politikoa zein soziala ere asko aldatu direla.
A.E.: Azokak gaur egun aitortza hori badaukala uste dut. Geurea dela sentitzen dugu euskaldun gehienok; hasi erakundeetatik eta edozein herritarrenganaino.
T.A.: Nire ustez, Gerediaga Elkartean zelanbaiteko kontsentsua egon da, Azoka, zelanbait, alderdikerien jokotik aparte mantentzeko. Eta uste dut oso inportantea izan dela hori.
Aurretik zeneukaten iritziren bat aldarazi dizue lan honek?
T.A.: Zenbat eta gehiago ezagutu, gehiago baloratzen duzu Azoka. Ematen du beti egon dela hor, berez bezala, baina historia ezagututa gehiago baloratzen duzu. Bestalde, ideia txikiek izan dezaketen garrantziaz ohartarazi nau lan honek.
J.M.A.: Oso inportantea dela ideia txikiekiko harkor izatea. Azokaren proiektuagaz oso sinestuta egon dira beti arduradunak, eta aurrera egin dute, baldintza oso zailetan ere.
A.E.: Eboluzioa itzela izan da. Liburu azoka bat egitea eduki zuten hasieran buruan, gero horri diskoak ere gehitzeko beharraz ohartartu ziren, eta gaur egun kulturaren plaza da Durangoko Azoka. Diziplina asko biltzen du Durangoko Azokak.
Zelan ikusten dute elkarrizketatuek 2015eko Azoka?
J.M.A.: Galdera hori ez dut zuzenean formulatu, baina uste dut denek oso modu pozgarrian ikusten dutela. Etorkizunera begira dauzkaten beldur batzuk aipatu dituzte, bestalde, elkarrizketetan: esaterako, Jon Irabazalek azpimarratzen du Azokaren muina Liburu eta Disko Azoka bera dela ezin dela ahaztu; Azoka mimatu beharra dagoela.
T.A.: Lehen bezala, Azoka da guzti honen motorra, editoreak ez badatoz, ez dago ezer...
A.E.: Egungo ereduagaz salto kualitatiboa eman dugu, eta sortzaileengandik zuzenean jasotzen ditugun lanak dira orain: liburua idatzi duenak berak aurkezten digu lana, diskoa sortu duenaren zuzeneko emanaldia entzun dezakegu, filma egin duenarekin berba egin...
Libururako, Azokari buruzko artxiboko argazkien bila ibili zara, Txelu. Lan zaila izan da?
T.A.: Zaila izan da lana, bai; izan ere, badaude edizio batzuk argazkirik bakoak. 60ko eta 80ko hamarkadetako edizio batzutako argazkiak ez ditugu lortu. Baina, Jose Miguel Astiz eta Jose Mari Uriarte, Fotosol, eta Deia eta El Correoko artxiboei esker, Azokaren ehundik gora argazki bildu ditugu libururako.
Argazkilari bezala lanean jardungo zara aurten ere?
T.A.: Bai, azken 15 urteetan egin dudan bezala, Gerediaga Elkartearentzako argazkiak egiten ibiliko naiz Azokako egunetan.