50. Durangoko Azoka

"Ofizio honetan, tapizerian, egun bakoitza erronka bat da; egunero ari gara ikasten"

Anboto 2015ko abe. 2a, 11:25

Eibarren desagertzear zegoen tapizeria denda bateko erreleboa hartu dute Norone Bizkarra abadiñarrak eta Iratxe Artiach durangarrak; Euskal Dendan izango dute euren postua.

‘Zaharkitua dagoena, zaharberritu. Gustuko ez duguna, gustuko bilakatu. Konpontzeko dagoena, konpondu’. Mezu horrekin egiten diete ongietorria Norone Bizkarrak eta Iratxe Artiachek Artezi proiektuko webgunean sartzen direnei, eta mezu horrek euren proposamena ederto laburbiltzen du. Eibarren 40 urteko tradizioa zuen tapizeria denda baten kargu egin dira, aurreko jabearen oinordekotza hartuta.

Zelan sortu zaizue Eibarko tapizeria dendan aritzeko aukera?
Norone Bizkarra: Kasualitatez ezagutu genuen Eibarko azken tapizgilea, orain urte eta erdi pasatxo. 40 urtez aritu da tapizgile denda honetan eta jubilatuta dago. Guri ofizioa erakustea eta dendagaz geuk aurrera jarraitzea proposatu genion. Bera poz-pozik jarri zen ez zuelako oinordekorik. Egia esanda, lagun egin gara eta asko animatzen gaitu.
 
Bere ikasleak izan zineten hile batzutan.
Iratxe Artiach: Hiru bat hiletan egon ginen beragaz ikasten. Guk barne diseinua eta altzarigintza ikasketak eginak ditugu. Mundu horretan ibili izan gara altzariak-eta saltzen, baina ez ziren geuk sortutakoak. Eskulanetan badugu abilezia eta horrek animatu gintuen.
N.B.: Oinarriak irakatsi dizkigu. Baina ofizio honetan egun bakoitza erronka bat da. Pieza bakoitza desberdina da eta egunero-egunero ari zara ikasten.

Urte eta erdi daramazue. Denbora honetan zerk harritu zaituzte gehien?
N.B.: Uste genuena baino mundu zabalagoa dela. Etxeko aulkiak, sofak… horrelako gauza konkretuetara mugatuta egongo zela uste genuen, baina ez da horrela.  Mundua erabat zabaldu zaigu. Askotariko gauzak tapizatu daitezke: dentisten aulkiak, motorretako eserlekuak, esku-oheak… denetik.
I.A.: Konturatu gara oihalez estalita dagoen dena dela gure eremua.

Denbora honetan eskaera bitxiak ere izango zenituzten.
I.A.: Aurrekontu eske jaso dugun proposamen bitxiena tronboi baten fundarena izan da. Fundak 60 urte zituen. eta barrutik eta kanpotik berritu gura zuen.
N.B.: Itsasontzietako eserleku dezentegaz ere jardun dugu.
I.A.: Azken baten, tapizeria lana diogunean ez gabiltza kanpoaldeko itxurari buruz bakarrik. Zaharberritze lana izaten da. Pieza bakoitzak barrualdetik bere egitura izaten du, eta hori berritzeko ardura ere hartzen dugu.

Oraindik aukerarik izan ez duzuen zer tapizeria lan egitea gustatuko litzaizueke?
N.B.: Bakarra den pieza klasikoren bat.  
I.A.: Neurriak hartzera edo piezak jasotzera etxeetara joaten garenean, berehala joaten zaigu begia gauza klasikoetara. Beharbada klasikotik modernotasunerako bide hori interesatzen zaigulako da: pieza klasikoa gaur eguneko oihal konbinazioetara ekartzea.
N.B.: Oihalen konbinazioa asko gustatzen zaigu. Ez dadila kolore bakarrekoa edo monotonoa izan. Kolore alaiak ere gustatzen zaizkigu, bizitasuna emateko.

Bezeroek dena erabakita duten lanak eta sortzeko askatasuna uzten dizkizuetenak: Zein lan mota duzue gustukoago?
I.A.: Askatasuna uzten digutenak.
N.B.: Egia esanda, bezero askok uzten du sormena gure eskuetan, eta aholku bila ere etortzen dira.
I.A.: Beste batzuk, ideia zehatz bategaz etorri arren, azkenean gure proposamena onartzen dute. Jendea proposamenak entzuteko prest egoten da normalean.
N.B.: Tapizgintzak eta artisautzak eskaintzen duen aukera bat horixe da; nahi dena egiteko aukera dagoela. Berria erosiz gero ez dago horretarako aukerarik. Bezeroei berezitasun hori azpimarratzen saiatzen gara, eta zerbait pertsonala eta desberdina egitera animatzen ditugu.

Bezeroari zuen lana erakusten diozuen unean, gustatuko ote zaion ala ez urduritasun hori sentitzen duzue?
N.B.: Ideia batekin etorri eta azkenean gure proposamena onartu badu, orduan bai, urduritasun puntua egoten da alde bien partetik. Baina normalean erreakzio onak eta positiboak jaso izan ditugu. Hori guretzako aberasgarria zein pozgarria da eta egiten dugun lanean segurtasuna ematen digu.

Demagun sofa zahar bat botatzen aurkitzen nauzuela berri bat erostera almazen handi batera joan aurretik. Zer esango zenidakete iritziz aldatzeko?
N.B.: Sofaren egitura ondo baldin badago, gurea erosi-bota kontsumismo eredu horretatik irteteko modu egokia dela esango genizuke. Berrerabilpenaren ideia sustatzen saiatzen gara. Gainera, berri bat erostera bazoaz, ezin duzu zuk zeuk ezer erabaki. Dagoena erosi behar duzu. Guk aukerak eskaintzen ditugu, bezeroek beren gustuak islatzeko aukera izan dezaten. Pieza bakarra, esklusiboa izango du.

Zuen lanak Euskal Dendan erakutsiko dituzue lehenengoz.
N.B.: Bertaratzen direnen artean gure lana, lan egiteko modua eta eskaintza zabaltzeko aukera izango dugu. Horrekin batera, Kuxart proiektuko kuxinak ere erakutsiko ditugu. Egitasmo horretan, 15 diseinu atera ditugu beste kide batzuekin elkarlanean. Euskarazko mezuak dituzte, denak positiboak. Sentitzeko eta sentiarazteko kuxinak izan daitezen gura dugu.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!