50. Durangoko Azoka

Mikel Onandia: "Egindako lana bildu eta ziklo bat itxi gura izan dut liburu honegaz"

Anboto 2015ko abe. 2a, 09:40

Mikel Onandia arte historialari durangarrak duela gutxi kaleratu du Arte kritika eta flamingoak zeru berdean liburua. Bertan, azken urteetan argitaratu dituen arte kritiken bilduma egin du. Gerediaga elkartearen mahaian eskuratu ahal izango da liburua. Arte kritikak idazterakoan ikasi duenaz hitz egin du ANBOTOri egindako elkarrizketan.

Gustora liburuagaz?
Pantailan ikustetik liburua eskuartean eduki arte, beti izaten da beldurra zelan geratuko ote den, baina, orokorrean gustora nago emaitzagaz.

Azken urteetan argitaratu dituzun arte kritiken bilduma da liburukoa, ezta?
Bai, ehun arte erakusketari buruzko testuak bildu ditut, Berria egunkarian eta Deiako Ortzadar gehigarrian, 2009 eta 2015 urteen artean argitaratutakoak.

Zelan egin duzu aukeraketa?
150 arte kritikatik gora ditut argitaratuta, baina libururako zifra borobila gura genuen, eta ehun aukeratu ditut. Hautaketarako irizpide nagusia ahalik eta lagin anitzena ematea izan da; ahalik eta areto, museo eta galeria diferenteenetako erakusketei buruzko testuak egitea. Bestalde, erakusketaren garrantzia eta testuaren balioa ere hartu ditut kontuan.

Urte hauetako zure ibilerak islatzen ditu liburuak.
Bai, batez ere Bizkaiko eta Arabako erakusketak dira, eta Gipuzkoako batzuk ere agertzen dira. Berriako hamabosteroko arte kritiken lana utzi egin dut, eta eginda neukan lana bildu eta ziklo bat ixtea gura izan du liburuagaz; bestela ahazturan geratuko litzatekeen hori jasotzea.

Iradokitzailea da izenburua...
Inoiz ez da erraza liburu bati izenburua ipintzea, baina saiatu gara bilatzen zer edo zer irakurlea galdegitera daramana. Kritikatzea, analizatzea eta baloratzea da arte kritika egitea, eta hori islatzen du izenburuaren lehenengo parteak. Bigarren partea, flamingoak zeru berdean, barruko testu baten izenburua da, eta artelanaren aurrean daukazun esperientzia estetiko, emozional, poetiko eta irrazionalaz dihardu. Izenburuan arte kritikaren bi arlo horiei egiten zaie erreferentzia; irrazionalak diren sentsazio horiei azalpen diskurtsibo-intelektual bat ematen saiatzeari.

Analisirako denbora hartzea eskatzen du kritika bat idazteak. Izaten al duzue?
Eskatzen du bai. Ez da komeni  arte kritika egun batetik bestera idaztea; patxada apur bat eskatzen du. Hala eta guztiz ere, egunkarietarako jardunda, ez dugu asti askorik izaten. Erakusketa ikustera joan, horretaz pentsatu, eta idazteko hiru-lau eguneko tartea izaten dugu.

Zein izaten da zure idazlanen abiapuntua?
Izan daiteke erakusketa batek utzi dizun sentsazio bat, eragin dizun gogoeta bat... Horretan oinarrituta, publiko orokor bati zuzenduriko testu bat sortzea da arte kritikariaren erronka; beti ere, errespetua eta zuhurtzia oinarri hartuta.

Liburuko lehenengo testua desberdina da besteekiko.
Bai, kritika bat bezala sortu nuen, baina heterodoxoagoa da; jostalariagoa, libreagoa. Durangoko Museoko koadro bat du abiapuntu, gustuko dudan Mari Puri Herreroren koadro bat. Kritikaren izaerari buruzko gogoeta txiki bat egiten dut testu horretan, apur bat ironikoa.

Hainbat arte diziplina agertzen dira liburuan, ezta?
Bai, badaude oso garaikideak direnak, eta baita klasikoagoak diren gauza formalagoak ere. Bakoitzak testu mota bat eskatzen du. Edozelan ere, osagai finko batzuk daude: informazioa beti eman behar duzu —analisia eta deskribapena egin— eta baita zure balorazioa ere. Hori guztia lau mila karaktereko testu baten sartzea ez da erraza izaten: beti dago sintesia egin beharra.

Durangaldeko zer erakusketari buruzko testuak daude?
Liburuaren hasierakoaz aparte, Durangoko Museoko beste erakusketa pare bati buruzkoak ere badaude. Angoitia, Arruabarrena eta Lazkano argazkilariek Elorrion ipini zuten erakusketari buruzko testu bat ere badago. Artea Guggenheim Museoa baino askoz gehiago dela erakusten saiatu gara liburuan.

EAEko artearen azken sei urteetako panorama orokorraren ikuspegia jaso dezake baita, liburua irakurtzen duenak.
Atzera begiratu eta diagnostiko txiki bat egiteko aukera ematen du lan honek, bai. Haizea Barcenila irakasle eta komisarioak idatziriko sarrerak ere laguntzen du, bestalde, begirada orokor hori ematen. Azken urteetan artearen munduan egon diren tendentziei buruzko hausnarketa egin du Haizeak.

Zer zentzutan izan da aberasgarria sei urteotan egin duzun arte kritika lan hori?
Asko ikasi dut: erakusketa asko ikusi dut. Arteaz ikasteko, ikusi eta irakurri egin beharra dago, eta lan honek horretara bultzatu nau. Ikasi dut artea baloratzen; a priori gustuko ez dudan horretatik ere zerbait ateratzen. Begirada bat lantzen ere lagundu dit. Gozatuz ikasi dut gainera, nire interesekoa delako mundu hau.

Finantzaketa kolektiboari esker argitaratu duzu lana.
Gasteizko Artiumen eta Bilboko Arte Ederren Museoaren laguntzagaz eta mikromezenasgoaren bidez finantzatu dugu. Jendeak dirua aurreratu zuen, eta liburua eskuratu du argitaratu bezain laster, horrela, publiko bat segurtatu dugu. Edozela ere, tirada txikia egin dugu. Hori bai, ahal den duinena.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!