Durangoko Udalak batasun irudiagaz babestu du Ibilaldia

Anboto 2015ko abe. 1a, 16:49

Alderdi guztietako kideak izan dira Ibilaldiari sustengua adierazteko ekitaldian. 2016ko maiatzaren 29an ospatuko da Ibilaldia Durangon, Kurutziaga eta Ibaizabal ikastolek antolatuta.

Aitziber Irigoras alkateak bozeramaileen batzordean adostutako berbak helarazi ditu gaurko ekitaldian. "Batasun irudi honegaz proiektuaren sendotasuna eta lankidetza islatu gura ditugu". Alderdi guztietako ordezkarien aniztasuna ere nabarmendu du, eta ikastolek ere ezaugarri hori dutela esan du: "Durango anitza da, eta aniztasun horrek aberastasuna ematen dio herriari".

Udalaren babesa eta partaidetza eskertu ditu Idurre Maortua Ibaizabaleko zuzendariak: "Ezinbestekoa dugu parte-hartzea, eta hori sustatu gura dugu gainera. Ibilaldia parte-hartzea da". Dagigun izango da aurtengo lema, eta horregaz "ekintzarako eta konpromisorako deia" egin gura dute. Gainera, ikastolen sorreretatik egondako konpromisoa azpimarratu du Maortuak. "Aitzindaritza pedagogikoari eusteko konpromisoa daukagu", berretsi du.

Kurutziagako zuzendari Urko Rodiguezek azaldu du bariku honetan egingo dutela Ibilaldiaren lehenengo aurkezpen ofiziala. 15:30ean kalejira hasiko dute ikastoletatik, eta 16:30ean mosaiko erraldoi bat burutuko dute Landako Gunean. Horrela, Durangoko Azokari ekarpena egin nahi diotela esan du Rodriguezek. Herritarrei ere bertan parte hartzeko gonbidapena egin die.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!